Harrobi sendoa

Ubane Madera 2019ko ira. 22a, 11:30

2019-2020 denboraldian Soraluze Futbol Taldean jardungo duten jokalariak eta haien taldeak aurkeztu zituzten atzo, zapatua, Ezoziko Futbol Zelaian. Zazpi halako osatu dituzte: benjaminekin bi, alebinekin beste horrenbeste eta infantil, kadete eta gorengo maila. Ikusle ugari bertaratu zen aurkezpen ekitaldira.

Dotore ikusi zen atzo Ezoziko Futbol Zelaia; berdegunea adin guztietako jokalariz beteta, haiek ere dotore jantzita aurkezpen ekitaldirako. Eta harmailak ere dotore, ikusle asko bertaratu zen-eta aurtengo denboraldiko taldeak ikustera. 

Jokalari guztien izenak banan-banan esanda, ikusleen txalo artean zelairatu ziren guztiak; taldeka lehenengo eta guztiak batera ondoren. Eta aurten Soraluze Futbol Taldeak erakutsiko duen erretratu ederra atera zuten: neska-mutiko mordoa futbolean jokatzeko gogotsu.

Zertzeladak

Gazte talderik ez dute lortu osatzerik, baina “gutxigatik eta azken momentuan” ez delako posible izan, Alberto Goenagaren, Sorako presidentearen esanetan. Beraz, hortxe esperantza, datorren denboraldiari begira.

Hainbat neska baziren jokalarien artean. Hor ya “nekezago” ikusten zuen Goenagak etorkizunean nesken talderen bat osatzeko aukera, baina geroago eta gehiago ere badira, beraz, batek daki.

Ugariak dira, bereziki, infantilen eta benjaminen mailako taldeak. Atzokoa ikusita, bada, badirudi Sorak harrobi sendoa duela etorkizunari begira. 

Eta 2019-2020 denboraldiari begira, berriz, berba onak izan zituen Goenagak gorengo mailako taldearendako, “ondo eginda, sendo” dagoela azpimarratuta, “denboraldi ona” espero dute.