Zabalik da Alejandro Rodriguez kroserako izen-ematea

Ubane Madera 2019ko ira. 20a, 10:33

Urriaren 6an jokatuko da aurten Alejandro Rodriguez II. Herri Krosa. Iaz moduan, bi ibilbide nagusi izango ditu: 10,5 kilometrokoa eta 5,6 kilometrokoa, azken hori ez lehiakorra. Eta izango ditu ere, beste lau ibilbide motzagoak, gaztetxoendakoak. Dagoeneko eman daiteke izena Internetez, kirolprobak atarian zein kiroldegian. 

Alejandro Rodriguez Memorialean bi lasterketa mota izango dira: lehiakorra eta ez lehiakorra. Hain justu, 10,5 kilometroko lasterketa dago zuzenduta pertsona helduei; hain justu, 2002an jaiotakoetatik beherakoek parte hartu ahal dute bertan. Urriaren 6an, domeka, 10:00etan abiatuko da lehen lasterketa, eta lehiakorra izango da. (7 euro)

Eta bigarren lasterketak, berriz, ia ibilbide erdia izango du. Ez lehiakorra izango da, eta parte-hartzaileek adinaren arabera hartuko dute parte. Hori horrela, 11:30ean abiatuko dira 2004ra artekoak, eta horiek izango dute 5,6 kilometroko ibilbidea aurrez aurre (5 euro).

Umeek euro bakarra

Eta ordubete geroago, 12:30ean abiatuko dira infantilak (2005-2006 jaiotakoak), 1.350 metroko ibilbidea egiteko; benjaminak (2009-10 jaiotakoak) eta alebinak ( 2007-2008an jaiotakoak) 700 metroko ibilbidea egiteko, eta azkenik, aurre-benjaminak (2011-2016an jaiotakoak) 300 m-150 metroko ibilbidea egiteko. 

Izena emateko bideak zabalik daude. Hori egin daiteke kirolprobak.com atarian; eta gazteen izen-ematea kiroldegian (1 euroan) egin daiteke (943 75 24 66). Horrez aparte, lasterketa egunean bertan ere eman daiteke izena (14 euro), baina 20 dortsal bakarrik gordeko dituzte horretarako, beraz, komeni da ahalik eta lasterren ematea izena. 

Soraluze, Mugituz! ekimenak antolatu du lasterketa.