100 lagun dagoeneko Marraskilo Tourrerako

Ubane Madera 2019ko ira. 19a, 15:56
Mendizaleak iazko Marraskilo Tour martxan. Argazkia: Fernan Oregi.

Zapaturako bi egun geratzen diren honetan, dagoeneko 100 lagunek eman du izena Marraskilo Tour mendi martxan parte hartzeko. Ia beteta dago, bada, izen-emate muga. Azken aukerak izango dira gaur mendi taldearen lokalean eta egunean bertan.

Zapatuan 100  mendigoizale baino gehiago ibiliko dira Soraluze inguruko mendietan, Marraskilo Tourren eskutik. Atzo itxi zuten kirolprobak.com atariaren izenematea eta bete egin da; bestela esanda, dagoeneko 100 lagunek eman du izena Soraluzeko mendi-martxan parte hartzeko.

Soraluze Mendi Taldetik jakinarazi dute partaide gehienak direla soraluzetarrak. Eta bisitari izango dira, adibidez, Elgoibartik, Zarauztik, Azkoititik, Arrasatetik, Gasteiztik eta Bilbotik etorriko diren mendizaleak. Jakinarazi dute ere, geroago eta emakume gehiagok parte hartzen duela kirol ekimen horretan. Aurten, esaterako, 30etik gora dira.

Goizean goiz

Zapatuan, 06:00etan abiatuko dira goiztiarrenak, 35 kilometroko ibilbidea egitera; eta 08:00etan abiatuko dira, berriz, 19 kilometroko ibilbidea egingo dutenak. Izena eman dutenek egunean bertan aukera dezakete zein egin.

Bidean zain izango dituzte lau anoa: Sagar Errekan gora, Plaza Berrian, Artzain Txaboletan eta Karakaten. Eta bukaeran, 15:00etan bazkaria. Eguraldiak lagunduz gero, Kalebarrenen egingo dute, bestela frontoian.

Mendi-martxa da

Soraluze Mendi Taldetik gogorarazi dute mendi martxa dela zapatukoa, ez lasterketa; “bakoitza bere erritmora joan dadila eta mendiaz gozatu dezatela”.

Gaur iluntzean, mendi taldeko kideak 19:30etik aurrera izango dira Elkartegian, norbaitek izena eman nahiko balu. Eta bestela, zapatuan bertan ere eman daiteke izena, baina gogoan izan leku gutxi geratzen direla.