36ko gerra Soraluzen

Erreketeak herrian sartu aurreko egunak

Ubane Madera 2019ko ira. 22a, 07:31

Franco 1941ean SAPA bisitatzen. Aurrean ezkerretik hasita: Pío Placencia, Rafael Hernández-Francés, Franco eta Alejandro Calonje. Hernandezen atzean, José Sirvent, atzean, Miguel Larrañaga alkatea eta atzerago Angel Elizburu.

Erreketak sartu aurreko egunetako gertakariak jasotzen ditu gaurko pasarteak. Kontatzen du zela errepublikarrek aske laga zituzten preso eskuindarrak, zela kanoi-fabrika hustu egin zuten eta bestelako fabrika batzuk lekualdatu. 

Erreketeak Soraluzen sartu aurretik, une gogorrak bizi izan ziren Udalean. Irailaren 21ean, milizianoek herria utzi behar zuten horretan, preso zeuden eskuindarrak Eibarrera eramateko asmoak Defentsarako Batzordeko kideen artean desadostasun eta liskarrak sortu zituen. Izan ere, herrian aske uztearen aldekoak ziren batzuk, eta gogor egin zuten besteen kontra, armen mehatxupean, presoak askatu zituzten arte.

Preso eskuindarrak aske

Presoak udaletxera eraman zituzten arratsaldeko lau eta erdiak inguruan. Horien artean zegoen, ia ordura arte, kainoi-fabrikako zuzendaria izan zen Rafael Hernandez Frances artilleriako komandantea.

Bost eta erdiak inguruan, Jose Mari Letek eta Niceto Uriartek aske zeudela jakinarazi zieten presoei, eta Gonzalo Iraeta eta beste batzuek lagunduta, etxera itzuli ziren. Askatu berri zituzten presoek milizianoak herritik irten arte etxean gelditzeko agindua zuten.

SAPAko makinak erabilezin

Milizianoek, joan aurretik, kainoi-fabrika hustu zuten. Eramateko moduan zegoena Sestaoko Navalera eraman zuten, baita langile asko ere, Jose Sirvent zuzendaria haien artean. Izan ere, Errepublikako ejerzitoaren artilleria piezarik ohikoenetako batzuk, Trubian ez ezik, Plazentziako SAPAn egiten ziren, eta Sestaon jarraitu zuten fabrikazio eta konponketa lanak egiten.

Soraluzeko fabrikan lagatako makinak, bestalde, erabilezin utzi zituzten, altxatutakoei fabrika erabiltzea eragozteko. Laster, ordea,  nazionalek berriz ere martxan jartzea lortu zuten, SAPAko gerentea izan zen Alejandro Calonje y Motta ingenieriaren gidaritzapean.

Ekoizpena Bizkaira

Herriko beste lantegi batzuk ere Bizkaira eraman zituzten; Kruzelegitarren tailerra bai behintzat. Sociedad Anónima Cruceleguik espoletak egiten zituen, Eusko Jaurlaritzak materiala emanda.

Soraluzetik irten eta lehenengo Deustun eta gero Derion izan zuten lantegia. Soraluzetar askok jardun zuten bertan lanean. Han urte batzuk emanda, Markinara eraman zuten tailerra.

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.

Erlazionatuak

Nazionalen tropak Soraluzen

Ubane Madera 2019 ira 21 Soraluze