36ko gerra Soraluzen

Nazionalen tropak Soraluzen

Ubane Madera 2019ko ira. 21a, 07:31

Erreketeak. Argazkia: 'Isiltasuna hausten'.

Milizianoek alde egin ondoren Soraluzen nazionalen tropak sartu ziren eta bertan geratu ziren martxoaren 28ra arte. Borroka ugari izan zen hasierako egunetan, baja askorekin. 

Tropak, berriz, herrian gelditu ziren, etxeetan, eskoletan... eta hustutako etxeak okupatu edota sakeatu zituzten, baita kasu batzuetan herriko jendeak jazarri ere.

Jatorduak ere herritarrek eman behar izaten zizkieten. Bertan gelditu ziren 1937ko martxoaren 28an herria utzi zuten arte.

Arrieta hil zuten

Irailaren 22an bertan, desagertu zen Agustin Arrieta gaztea ere. Gipuzkoako Kausa Orokorrean jasotako testigantzaren arabera, milizianoek Munetako Haitzetan atxilotu eta irailaren 24an Maltzagan hil zuten.

Horrela jasotzen du komandanteak idatzitako okupazioaren kronikak ere: “gaztea, erreketeak gertu zeudela-eta, errepublikaren aldekoak eta herri-batzordeak herria utzi zutela jakinaraztera joan zitzaien, mendigain aldera, eta orduan atxilotu zuen han inguruan zebilen miliziano talderen batek.

Geroago, Benito Regil eibartarrari egotzi zioten haren hilketa, beste hainbat akusaziorekin batera, baina epaiketan zera adierazi zuen, Arrieta batailoi militar batek hil zuela. Regil 1940ko ekainaren 3an fusilatu egin zuten Donostiako hilerrian.

Baja asko

Hurrengo egunetan, hilaren 23an eta 24an, borroka gogorrak izan ziren Munetako haitzetan, erreketeek milizianoek okupatutako lekuak bereganatu nahi baitzituzten, eta mendigaina kontrolatu.

Baja asko egon zen alde bietan borrokaldi horietan. Hango zauritu eta hildakoak alondegira ekarri zituzten. Florencio Arrazain botikarioa ipini zuten alondegiko atean, soldaduak zaurituta ala hilda zeuden esateko.

Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.

 

Erlazionatuak