Irun galdu ondoren, ezinezkoa zen armak Frantzia aldetik pasatzea, eta gainera ez zen Errepublikaren laguntzarik heldu. Donostia ere irailaren13an hustu zuten eta erakunde ofizialak hiritik atera.
Diputazioa, esate baterako, Mutrikuko Udalean ezarri zuten ofizialki. Handik aurrera, altxatutakoek bailaraz bailara bereganatu zuten Gipuzkoa. Militar profesionalek bi hilabete behar izan zituzten defentsa prestatu gabea menperatzeko, baina irailaren bukaeran Deba bailarara iritsi ziren.
Menditik zehar
“Columna Los Arcos”eko Julio Pérez Salas komandanteak Tercio de Montejurrako erreketeak zuzentzen zituen, eta irailaren 20an bereganatu zituen Azpeitia eta Azkoitia. Handik aurrera egin zuen: Elgoibarrera lehenik, Azkaraten barrena, eta Soraluzera gero, Irukurutzeta eta Atxolinetik zehar.
Fusiletan eskapularioak
Iluntzeko bederatziak aldera sartu zen Soraluzen Tercio de Montejurra zelakoa, Estaziño aldetik, kanposantuko aldapatik behera. 600 bat errekete ziren, lau konpainia.
Viva Cristo Rey diharka, kaki koloreko uniformeak eta txapel gorriak jantzita (“txapel gorriak” ere esaten zitzaien nazionalei horregatik) eta fusilak soinean zituztela sartu ziren. Fusilen puntetan Santo Kristoaren eskapularioak zeramatzaten lotuta. Hala, bandoa jo zuten herritarrei etxeetan har zitzaten eskatuz.
Askok ihes
Ordurako, ordea, jende gutxi zegoen herrian, gehienak joanda zeuden-eta. Irailaren 20ko iluntze aldera, pregoia jo zuten herrian, erreketeak bazetozela esanez, eta zortziretan Bilborako trena zegoela, dohainik, nahi zuenak har zezan.
Jende askok alde egin zuen herritik: urte bereko azaroan egindako kontaketaren arabera, 1.120 lagun falta ziren herrian. Milizianoek irailaren 21ean laga zuten Soraluze, nazionalak sartu aurreko egunean.