Gaur bukatuko dituzte margotze-lanak

Ubane Madera 2019ko ira. 17a, 19:30

Igerilekua obretan, joan den barikuan.

Igerilekuko margotze-lanek gaizki-egona eragin dute kiroldegiko hainbat erabiltzaileren artean; “buruko-minak” eduki izana ere salatu dute. Udalak jakinarazi du erabilitako produktua ez dela “toxikoa” eta lanak gaur bukatuko dituztela. Hala ere, “eragozpenengatik barkamenak” eskatu nahi die erabiltzaileei.

Joan den astearen amaieraz geroztik dabiltza igerilekuan margotze-lanak egiten. Disolbatzailea erabiltzen dabiltza, besteak beste. Eta hark usain gogorra sortu du.

Igerilekuko leihoak-eta zabalik izan arren, aireztatzea ez da nahikoa izan usain guztia kanporatzeko, eta egunotan kiroldegiko beheko pisuan eta inguruan nabarmena izan da berau.

Kezka 

Horrek gaizki-egona eragin du kiroldegiko hainbat erabiltzaileren artean. Usain gogorra hartuta, batzuek kiroldegira sartzera joan eta buelta hartu dutela kontatu dute sare sozialetan; beste hainbatek diote buruko-minak izan dituztela kiroldegian egon ondoren. Eta oro har, kezka helarazi dute osasunarendako disolbatzailearen usainak izan dezakeen arriskuarengatik, nahiz eta berez "toxikoa" ez izan.

"Ez da toxikoa"

Kexuen jakitun, Soraluzeko Udalak jakinarazi du gaur bukatuko dituztela margotze-lan horiek, eta gogora ekarri du erabilitako produktua ez dela toxikoa. Onartu du, hori bai, usain gogorra dagoela kiroldegiko beheko solairuan.

Bestalde, dio kontuan hartuta dagoela orain, behintzat, ume gutxiago dabilela kiroldegian, igerilekua itxita dagoelako. Hala ere, “sortutako eragozpenengatik barkamena” eskatu nahi die erabiltzaileei.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.