Irailaren 30ean zabalduko dute igerilekua

Ubane Madera 2019ko ira. 15a, 08:50
Igerilekua obretan, barikuan.

Azken txanpan sartu dira igerilekuko tetxoa konpontzeko lanak. Berau margotzen dabiltza egunotan, gero birritan garbituko dute azpiegitura, eta urez bete eta ura berotu ondoren, aurreikuspena da irailaren 30erako, astelehena, zabalduko dutela pizina.

Martxa bizian dabiltza lanean igerilekuko obra ahalik eta lasterren bukatzeko; izan ere, hilabeteko atzerapena dute lanek, eta erabiltzaile asko dago haiek noiz bukatuko zain.

Bada, Udalak ipini du amaiera data: irailaren 30ean atzera ere erabiltzeko moduan izango da igerilekua.

Garbiketa bikoitza

Hain justu, egunotan usain gogorra dario bertatik, margotze lanekin dabiltza-eta. Hori bukatu eta aldamioak desmuntatu ondoren, Orion enpresak, obrak egin dituenak berak egingo du igerilekuaren lehen garbiketa. Eta hura bukatu ondoren, Trejok egingo du bigarren garbiketa, sakonagoa.

Behin hori eginda hasiko dira igerilekua betetzen. Bizpahiru egun beharko dituzte horretarako eta gero beste pare bat egun ura berotzeko. Gauzak horrela, bada, esandako moduan, irailaren 30ean zabalduko dute igerilekua.

Erreklamazioak

Igerilekua itxita izan den artean hura erabili ezin izan duten bazkideek aukera izango dute Udalean erreklamazioa aurkezteko, baldintza batzuen arabera. Horren guztiaren berri datozen egunotan emango du Soraluzeko Udalak.