Helduen matrikula kopuruak gora egin du musika eskolan

Ubane Madera 2019ko ira. 12a, 12:50

Musika eskolako ikasle gazteak atzo, eguaztena, musika hizkuntzako saioan.

116 ikaslerekin abiatu du 2019-2020 ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak. Aurten, apurtxo bat jaitsi egin da matrikulazioa, hasiberri gutxiagok eman duelako izena. Baina horren parean, heldu gehiago animatu da musika ikastera. Edozelan ere, lekuak dauden bitartean, matrikulatzeko aukera zabalik dago.

Astelehenean hasi zituzten eskolak Soraluzeko Musika Eskolan, eta ekainera bitartean, ehun ikasle baino gehiagok jardungo dute musika ikasten bertan. 116 lagun matrikulatu dira, hain justu, irailean eskolan hasteko; eta horietatik 14 dira hasiberriak, musika tailerretan hasi direnak (4-5-6 urte). 

Helduendako ere eskaintza

Datuak bestela begiratuta, iaz baino hasiberri gutxiagok eman du bertan izena, baina aldiz, heldu gehiago animatu da. “Helduei begira, ahalegina egin dugu eurendako eskaintzarekin. Adibidez, instrumentuez aparte, aurten musika hizkuntza ere ikas dezakete, zerotik hasita”, esplikatu dute musika eskolatik. 

Instrumentu asko

Instrumentuei dagokienez, eta beste urte batzuetan moduan, pianoa ikasteko apuntatu da jende gehien: 19 ikasle, adin guztietakoak. Edozelan ere, eskaintza zabala dauka musika eskolak zentzu horretan: klarinetea, saxofoia, tronpeta, tronboia, txistua, gaita, bonbardinoa, gitarra klasikoa, biolina, soinua, trikitia, panderoa, pianoa, flauta, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta perkusioa.

Ekitaldi publikoak

Horrez aparte, eta lehenago aipatutako musika tailerrez aparte, talde instrumentala, konboa, abesbatza eta banda ere baditu eskaintzen artean. Eta hori guztia osatzen dute ikasturtean Santa Zezilia egunean hasi eta ikasturte amaierako kontzertuarekin bukatuz, urtean zehar egiten dituzten 12 ekitaldirekin. 

Erlazionatuak