Asteburuan hasiko da liga txapelketa

Ubane Madera 2019ko ira. 11a, 09:49
Sorako Futbol Eskolako 2008ko taldea, iaz.

Soraluze Futbol Taldeak asteburu honetan hasiko du liga txapelketa. Gorengo mailakoek eta kadeteek ligako partidu bana jokatuko dute, eta infantilek, berriz, lagunartekoa. Futbol eskola ere abian da eta talde guztien aurkezpena irailaren 21ean egingo dute. Hori bai, ahaleginak egin arren, aurten ere ez dute lortu gazte taldea osatzerik (jubenilak). 

Soraluze Futbol Taldeak asteburu honetan estreinatuko du 2019-2020ko liga txapelketa. Kadete mailakoak izango dira jokatzen lehenak: zapatuan, 11:45en Zumarragan dute hitzordua, Urolaren kontra jokatzeko. Gorengo mailakoek, berriz, domekan dute partidua, nagusiek ere etxetik kanpo: Oñatin, Aloña Mendiren kontra, 16:30ean hasita.

Sorako gainontzeko taldeei dagokienez, infantil mailako taldearendako urriaren 20an hasiko da liga txapelketa, baina bien bitartean lagunarteko partiduak jokatuko dituzte, eta hain justu, zapatuan etxean jokatuko dute infantilek, 10:30ean, Eibarko Urki taldearen kontra.  

Futbol eskolan asko

Bestalde, futbol eskola ere aste honetan hasi da martxan. 20 umek eman du izena, iaz baino gehiagok, eta azaroan hasiko dute liga. Hori bai, aurtengoan ere ez dute lortu gazte mailako taldea osatzerik.

Sorak ohi duen moduan, denboraldi hasieran aurkeztuko ditu talde guztiak. Eta dagoeneko egin du horretarako hitzordua: irailaren 21ean, gorengo mailakoen partiduaren aurretik (17:00etan dute) Ezoziko Futbol Zelaian. Ikasberriren (Azpeitia) kontra jokatuko dute haiek. 

Aurtengo denboraldiko helburuari dagokienez,  berriz, “iaz gorengo mailak egindakoa berdintzearekin pozik” izango dira. Ivan Rodriguezen gidaritzapean jardungo du aurten ere taldeak, iazko entrenatzaile berberaren gidaritzapean, alegia.