Unanuek eta Herizek irabazi dute pilota txapelketa azkarra

Egoitz Unamuno 2019ko ira. 9a, 06:06

Asteburuan jokatu da Asier Heriz eta Iñaki Saez-en omenezko I. Pilota Txapelketa Azkarra San Andresko frontoian eta finalean Josu Unanue eta Jon Heriz nagusitu dira Argoitz Ariznabarreta eta Xabier Elizburu 'Kiru'-ri 18 eta 8 irabazita.  

Zortzi bikotek parte hartu dute Asier Heriz eta Iñaki Saezen I. Pilota Txapelketa Azkarrean.  Finala ez beste partidu guztiak zapatuan jokatu zituzten eta domekan, eguerdi partean, jokatu dute finala, armailetan hirurogeiren bat ikusle zirela.

Partidu borrokatua izan da, baina Josu Unanue eta Jon Heriz partidu osoan zehar izan dira gehiago eta azkenean 18 eta 8 gailendu zaizkie Argoitz Ariznabarreta eta Xabier Elizbururi. 

Bikote irabazleak eta bigarren sailkatuak herriko baserrietako produktuekin osatutako saski bana jaso dute. 

Sariak banatu ostean, antolatzaileek euskal presoei ezartzen dieten urruntze-politika salatu eta amai dadila eskatu dute. Horrekin batera, dei egin dute datorren zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko, "presoen eskubideen alde jarduteagatik epaituko dituzten 47 euskal herritarrak babesteko". Herritik autobusa antolatu dute manifestaziora joateko eta izena eman daiteke Bolia eta Arrano tabernetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.