Futbolean bidea zabaldu zuten neskei aitortza

Ubane Madera 2019ko ira. 9a, 11:05

Hiart Arluziaga, Alaine Arruabarrena eta Irati Trebiño zapatuan Bergaran. Argazkia: Olatz Sebal.

Aurten, 25 urte bete dira futbolean emakumezkoen lehen taldea sortu zutela Bergaran, eta bertako kirol elkarteko zuzendaritzak efemeridea aprobetxatu eta omenaldia egin zien talde hura osatu zuten emakumeei. Tartean lau soraluzetar ere baziren: Hiart Arluziaga, Alaine Arruabarrena, Irati Trebiño eta Karle Eguren.

1994-1995 denboraldia zen. Orduan ez zuten nesken talderik Bergara Kirol Elkartean, eta halako bat sortu behar zela bururatu zitzaion Bittor Agirrebarrenari, gerora taldeko entrenatzaile izan zenari. 

Pentsatu eta egin. Nahikoa harrobi bazen inguruan, horren adierazle, nesken Bergarako lehen futbol  talde hura osatu zutela 33 jokalarirekin. Eta haien artean baziren lau soraluzetar ere: Karle Eguren, Hiart Arluziaga, Alaine Arruabarrena eta Irati Trebiño. Eta aitortza jaso zuten zapatuan, Bergara Kirol Elkartearen eskutik, gainontzeko taldekideekin batera.

Pasilloa txalo artean

Bergara Hiria Txapelketa jokatu behar zutela aprobetxatuta, pasilloa egin zieten zapatu eguerdian txapelketan lehiatu ziren Elgoibar, Amaikak Bat, Textil Escudo eta Bergara taldeko jokalariek  emakumezkoen futbolean bidea zabaldu zuten neskei. 

Txalo artean pasilloa zeharkatu ondoren, bakoitzari BKEren (Bergara Kirol Elkartearen) pin bana oparitu zieten oroigarri modura eta luntxarekin borobildu zuten omenaldi ekitaldia. Eta haien artean izan ziren ere Hiart Arluziaga, Alaine Arruabarrena eta Irati Trebiño (Karle Egurenek ezin izan zuen joan). 

Futbitoa abiapuntu

"16-17 urte genituen orduan. Soraluzen futbitoan jokatzen genuen, guk eta beste neska mordoak. Madari zen entrenatzailea. Eta ez dut gogoan zela, baina Bergarako futbol taldean sartu ginen. Lehen urtea entrenatzen eman genuen, ezin ginelako federatu, eta hurrengo urtean hasi ginen partiduak jokatzen: Arrasaten, Elgoibarren, Donostialdean... jokatzen genituen partiduak. Jokatzeko gure zelaia zen harrizkoa eta jantzirik ere ez genuen. Norbaitek emandakoak erabiltzen genituen hasieran, eta gero Etxeberria bitxitegikoak erosi zigun ekipazioa...", kontatu du Alaine Arruabarrenak, jokalarietako batek.

"Kontziente ez"

Hark gaineratu du orduko hartan ez zirela jabetu talde hark zuen garrantziaz: "Nik uste dut atzora arte ez nintzela kontziente orain dela 25 urte nesken taldea izatea zer zen. Zapatuan komentatzen zuten, adibidez, Realak eta Athleticek ez zutela nesken talderik (...) Guk, nesken kuadrilla ia guztiak jokatzen genuen futbitoan, adibidez, Hiartek, Iratik, Karlek, Nahikarik, Maialenek... Gogoan dut zela joaten ginen, adibidez, Amañara hango patio batera jokatzera... Baina orduan, pentsa, familiak ere ez zigun apenas kasurik egiten futbitoan jokatzeagatik, eta bat-batean, zapatuan, omenaldia egin ziguten!"

Arruabarrenak bizpahiru urtez segitu zuen futbolean jokatzen, harik eta goi-mailako ikasketak hasi eta ikastera kanpora joan zen arte. Atzelaria izan zen Alaine, Hiart aurrelaria, Irati karrilera eta Karle atezaina.

Halaxe jaso du Goiena Komunikazio Taldeak sorrera haren kontakizuna entrenatzaile izan zutenaren eskutik: "Atxabalpen Mondraren eta Eibartarrak taldeen arteko partidu bat ikusi ostean proposatu nion nire buruari Bergaran talde bat sortzea. Lagun baten bidez enteratu nintzen Etxagin elkartzen zela neska talde bat futbola gustatzen zitzaiona; lagunari zerrenda bat egiteko eskatu, eta bi astean 33 jokalari genituen (…)Bittor Agirrebarrenak gogoan du 25 fitxa bakarrik egiteko aukera izan zutela: "Jokalari batzuek ezin izan zuten fitxa egin, pena izan zen. Gero, gogoratzen dut lehen partidua 2-4 irabazi genuela, Intxaurrondon; neskak izugarri poztu ziren". 

Goiena Komunikazio Taldeak jaso zituen zapatuan Bergaran egindako omenaldiaren gaineko xehetasun guztiak. Hemen klikatuta ikusgai bideoa, kronika eta argazki galeria.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.