PSE-EEk eta Covitek gaitzetsi egin dute Sabin Mendizabali egindako ongietorria

Ubane Madera 2019ko ira. 8a, 10:01
Sabin Mendizabal familiarekin, joan den martitzenean.

PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi Eneko Anduezak kritikatu egin du Sabin Mendizabali joan den martitzenean Soraluzen egin zitzaion “omenaldi publikoa”. Halako ekimenak geraraztea exijitu du Anduezak, terrorismoaren biktimendako eta haien senideendako “ofentsa” direlako. Covitek ere gaitzetsi du ekitaldia.

Prentsa ohar bitartez, Sabin Mendizabal preso ohiari egindako ongietorria gaitzesteaz batera, Gipuzkoako sozialisten ordezkariak konpromisoa eskatu die indar politiko guztiei “gizalegearen kontrako jarrera antidemokratikoen erakusle diren harrera horiek” ebitatzeko.

Haren esanetan, halako ekitaldiek zuzenean eragiten dute ”Soraluzeren irudi kaltegarria” ematen, eta sozialistek halakorik ez dutela “ahalbidetu behar “ dio.

Anduezak gaineratu du Soraluzeko sozialistek, Patricia Borinaga bozeramalea buru dutela, egunez egun lanean dihardutela “bakearen, adiskidetzearen eta udalerriaren irudia duintzearen alde”.  Eta aitortza egin die terrorismoaren biktimei, “samin izugarrizkoa pairatu arren, sekula ere ez dutelako izan mendeku asmorik”.

"Heroia balitz"

Bestalde, Covitek, Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko Elkarteak ere salatu du Sabin Mendizabali egindako ongi-etorria. Sare sozialak baliatuz, Mendizabal “heroia balitz bezala omendu izana” salatu dute. “Ez da horrela, kartzelan izan da kale borrokarengatik kondenatuta”, diote.