Astean behin elkartu, eta umeek, gurasoek eta nahi duten guztiek elkarrekin jolastea da asmoa

Errugbia modu ludikoan praktikatzeko taldea sortu nahi dute udalerrian

Ubane Madera 2019ko ira. 2a, 10:42
Errugbia praktikatzeko ekimena bultzatu nahi duten gurasoetako batzuk, Plaza Zaharrean, bilera egiten, barikuan.

Guraso errugbi-zale talde batek Soraluzen errugbia praktikatzeko ekimena antolatzen dihardu. Umeei, gazteei, helduei zein nagusiei zuzendutako proposamena da, bestela esanda, kirol horrekiko “eta ondo pasatzeko” interesa duten guztiei zuzendutakoa. Helburua da taldea sortu eta astean behin elkartzea, errugbiarekin lotutako jolasak eta jarduerak egiteko, lehiaketetan parte hartu barik.

Hainbat soraluzetarrek (umeek eta gurasoek) ekainean Eibarren egin zituzten errugbi udalekuetan oso gustura parte hartu zutela ikusita, eta oro har, udalerrian errugbiarekiko zaletasuna badagoela aintzat hartuta, herriko guraso talde batek errugbia eta errugbiarekin lotutako jolasak praktikatzeko taldea sortu nahi du.

"Tarte atsegina"

 “Helburua da zerbait irekia egin, kirol-aurreko jarduerak, umeekin, helduekin, gazteekin… guztiek elkarrekin. Nahi dugu ideia ezagutzera eman eta ikusi ea zenbat lagunek emango zukeen izena. Ez dugu lehiaketetan parte hartzeko asmorik, baizik eta zerbait ludikoa egin nahi dugu, errugbiarekin lotutako jarduerak eginez eta errugbiaren baloreak transmitituz”, esplikatu du Erikak, ekimenaren bultzatzaileetako batek.

Hark gaineratu duenez, edozeinek dauka lekua ekimenean, tamaina, gorpuzkera, sexu eta adin guztietako lagunek: “Umeek, gurasoek eta baita aitaita-amamek ere. Tarte atsegina pasatzea da helburua, ez besterik, eta horretarako ez dago adin mugarik”.

Egiten duten proposamena da astean behin elkartzea, ekimenaren beraren bultzatzaileen gidaritzapean. “Neuk, adibidez, aisialdiko begirale titulua daukat, eta errugbi kontutan aspalditik nago sartuta. Jokalari ohiak ere badaude taldean. Eta gurasoek txandaka jardungo dute, lanaldiaren arabera. Eibar Errugbi Taldeak, berriz, materiala lagako digu eta ideiak aurrera eginez gero, kolaborazioa handitzeko gertu daude. Eurek etorkizuneko egitamu modura ikusten dute gure ekimena, akaso harrobi modura. Dena den, gure asmoa da kirol-aurreko jarduerak egitea, ez lehiatzea. Beraz, korrika egiten dakiten umeetatik hasi eta muga barik, edozein adineko herritarrei zuzendutako proposamena da hau”.

”Lehenengo ikusiko dugu ea zenbat jende animatzen den; gero helburua da Udalarekin berba egitea eta futbol-zelaia erabiltzeko ordu libreren bat baldin badago, ea erabil dezakegun, noski, futbolari kalte egin barik. Eta horren ondoren antolatuko dugu egutegia”, gaineratu du Paulok.  

Interesa dutenek: 651 38 98 28 (Erika) ala 676890475 (Enekoitz).