Igerilekuko lanak luzatu egingo dira

Ubane Madera 2019ko abu. 28a, 14:03

Aldamioak igerilekuan.

Igerilekuko sabaia konpontzeko lanak aurreikusitakoa baino beranduago amaituko dituzte. Berez, Orion enpresak bi hilabeteko epea zuen lanak bukatzeko, eta epe horren arabera, datorren asterako bukatuta egon behar lukete, uztailaren 2an hasi ziren-eta obretan. Baina, oraindik, tetxoa pikatzeko lanak bukatzen dihardute.  Hori bai, gainontzeko instalazioak zabalik daude astelehenetik.

Atzeratuta dabiltza kiroldegiko obretan. Egunotan, tetxoa pikatzen bukatzen dabiltza eta ondoren egitura babestu, margotu eta guztia garbitu behar dute, igerilekua barne.

Enpresak ez du zehaztu noiz bukatuko dituzten lanak. Aurrerago jakinaraziko dute. Hala ere, segurua da lanak hainbat astez luzatuko direla, eta beraz, irailaren parte handi batean ezin izango da igerilekua erabili.

Garbiketa sakona

Albiste ona da tetxoaren egitura ugertuta egon arren, (hain justu, horregatik hasi ziren pusketatxoak jausten eta hori izan zen obrak egiteko arrazoia) uste baino egoera hobean aurkitu dutela.

Hori bai, tetxo guztia pikatu egin behar izan dute egitura zela zegoen ikusteko, eta orain hori guztia lehengora bueltatu beharko dute, aurretik aipatutako moduan.

Horrez gain, probatu egin beharko dute abuztuaren hasieran igerilekuan hezetasuna kentzeko ipini zuten makina berria ere, eta hori ezin izango dute egin lanik handienak bukatu arte, hautsak makina berria honda lezakeelako.

Gogoan izan, lanak amaitu bitartean, kiroldegiko bazkideek Eibarko Orbeako igerilekua erabil dezaketela. Gainerakoan, astelehenaz geroztik zabalik daude kiroldegiko gainerako instalazioak, goizez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.