Ekainaren 30ean itxiko dute igerilekua, obrak egiteko

Ubane Madera 2019ko eka. 7a, 11:10
Sare batez dago igerilkuaren sabaia tapatuta.

Uztailaren 1etik aurrera, itxita izango da igerilekua, bertako sabaia konpontzeko lanak hasi behar dituzte-eta. Obrek iraun bitartean (bi hilabete), kiroldegiko bazkideek Eibarko Orbeako igerilekua erabili ahalko dute. Eta behin Soraluzekoa zabaldutakoan, igerilekua erabiltzeko aukera izan ez dutenei abonuaren zati bat bueltatuko diote.

Ekainaren 29a, (zapatua, 13:00ak arte) da Soraluzeko igerilekua erabiltzeko azkeneko eguna. Izan ere, uztailaren 1ean, astelehena, hasiko dituzte bertako sabaia konpontzeko lanak. Orion Reparacion Estructural enpresak egingo ditu, 118.531,40 euroko aurrekontuarekin. Eta horrekin batera, igerilekuko hezetasun-kenkailua zaharberrituko dute. Tarte Kooperatiba elkarteak egingo du hori, 49.795 euroan.

Obrek iraun bitartean, Soraluzeko abonatuek Eibarko Orbeako igerilekua (bakarrik igerilekua, gimnasioa ez) erabili ahalko dute, 07:30etik 15:00etara, Soraluzeko kiroldegiko abonatu txartela erakutsita. Aurreikuspena da igerilekuko obrek bi hilabeteko iraupena izatea, eta beraz, irailerako bukatzea.

Abonuaren zatia bueltan

Bestalde, kiroldegiko ordutegian aldaketa bakarra izango da obrek iraun bitartean: astelehenetan eta eguaztenetan 08:30tik 21:30ak arte.

Soraluzeko Udalak jakinarazi du lanak bukatu ondoren, kiroldegiko igerilekua zabaltzen denean, erabiltzaileek aukera izango dutela igerilekua erabili ez duten bitarte horri dagokion abonuaren zatia buelta diezaioten eskatzeko.