Soraluzeko pilotariak txapeldunorde Zarautzen

Ubane Madera 2019ko abu. 15a, 11:13

Balerdi eta Atxotegi, Eskuderorekin eta Urruzolarekin, finalaren aurkezpenean. Argazkiak: Zaporra Memoriala.

Aitor Atxotegi eta Manex Balerdi txapeldunorde izan dira eskuz binakako  Zaporra txapelketan. Finala izan ezik, gainontzeko partidu guztiak irabazi zituzten Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotariek. Hala ere, penatuta bueltatu dira Zarauztik, finalean “partidu eskasa” eginda galdu egin zutelako.

“Ez genuen gure maila eman. Ez genuen lehiatu. Frontoia bera ere berezia da, motza, balkoia dauka izkinan eta haren kontra ere joka daiteke… Gainera, eurek (Escuderok eta Urruzolak) aurrea hartu ziguten, eta detaile txikien ondorioz, guri gauzak ez zitzaizkigun ondo atera; eta bata eta bestea batuta, 22-10 galdu genuen partidua. Baina emaitza txarra baino, sentsazio txarrarekin bueltatu gara, ez genuelako dena eman”.

Berba horiekin laburbildu du Aitor Atxotegi pilotari soraluzetarrak martitzenean, Zarauzko Frontoi Txikin jokatutako finalean bizitakoa. Hori horrela izan arren, baina, txapeldunorde izan dira Atxotegi eta Manex Balerdi antzuolarra eskuz binakako Zaporra Memorialean.

Guztiak irabazita

Eta ez edozein modutan, gainera; ze final zortzirenetatik hasi eta finalerdietarainoko partidu guztiak irabazita ailegatu ziren finalera: 22-12 irabazi zuten Lizasoren eta Urbietaren kontrako final zortzirena.

22-20 irabazi zuten, berriz, final laurdena, Ojuelen eta Esnaolaren kontra, “oso bikote ona”, Atxotegiren esanetan.

Eta azkenik, finalerdian 22-16 irabazi zuten Etxaniz eta Murua (Bergara-Arrasate) bikotearen kontra.

Edozein modutan, hori, momentuz, ez da kontsolamendu nahikoa Soraluzeko pilotariendako: “Akaso egun batzuetara akordatuko gara beste hiru partidu horiekin, ze horietan bai, dena emanda eta sentsazio onarekin bueltatu ginen; baina behin finalera helduta, besteak ahaztu egiten zaizkizu eta pena horrekin bueltatu gara, batez ere ez nuelako nire jokoa egin, ez nuelako ezta defendatu ere egin”, dio Atxotegik gogor bere buruarekin.

Hain justu, orain hiru urte txapela ekarri zuten Zarauzko txapelketa horretatik Atxotegik berak Iruretarekin bikote zela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.