Haritz Albisuak Real Balompedica Linense taldearekin fitxatu du

Egoitz Unamuno 2019ko abu. 8a, 18:57
Aurkezpeneko argazkia Real Balompedica Linense taldearekin.

Bigarren B mailako talde andaluziarra da Real Balompedica Linense La Balona eta urtebeterako fitxatu du erdilari soraluzetarra. Dagoeneko buru-belarri dihardu aurredenboraldia prestatzen. 

“Talde historikoa delako eta proiektu polita egiteko asmoa dutelako” erabaki du Haritzek Salamancako Unionistas taldea laga eta Cadizko La Balonarekin fitxatzea. “Presidentea italiarra da eta dirua inbertidu du taldea goiko postuetan ibili dadin.. Ahalik eta gehien profesionalizatu du taldea eta 2.b mailan izena duten jokalariak fitxatu dituzte. Aurreko denboralditik hiru jokalari bakarrik geratzen dira taldean, beste denak berriak gara. Material eta instalazioetan ere igartzen da: GPSak ditugu entrenatzeko, nutriziorako suplementuak, zelai onak...”. 

La Línea de la Concepcion (Cadiz, Campo de Gibraltar) hiriko taldea da Real Balompedica Linense, zaleen artean ezagunagoa da La Balona moduan. 2.b mailako taldea da eta 4. multzoan jokatzen du: Andaluzia, Murtzia, Extremadura eta Gaztela-Mantxako taldeek osatzen duten ligan.

“Oso gustura”

Joan zen barikuan, abuztuaren 2an, heldu zen Haritz La Linea de La Concepcion hirira eta dagoeneko buru-belarri murgildu da aurredenboraldia prestatzeko entrenamenduetan: “Oso gustura nago, nahiz eta lehen egunak ez diren errazak izaten: leku berria, bidaia, etxea bilatu beharra… Oso ondo hartu naute eta taldekide batzuk lehenagotik ezagutzen nituenez, errezagoa izan da. Nahiz eta aste bat bakarrik pasa, iada taldean integratuta nago eta egunerokoa erraz daroat. Aurredenboraldia elkar ezagutzeko garaia da eta entrenatzaileak dituen ideak barneratzeko momentua”.

Bi aste barru, abuztuaren 25ean, hasiko dute liga.

 

Eguaztenean, lagunarteko partidua jokatu zuen Baniyas-en Arabiar Emirerrietako taldearen aurka.