Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak presidente berria du: Iosu Arraiz elgoibartarra

Ubane Madera 2019ko uzt. 30a, 11:43
Iosu Arraiz Aranburu. Argazkia: EAJ.

Aldeko 11 botorekin eta 3 abstentziorekin, Iosu Arraiz Aranburu elgoibartar jeltzalea aukeratu dute Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko presidente. Eta presidenteordea da, berriz, Jose Luis Araujo ermuar sozialista. Gaur, martitzena, aukeratu dituzte karguok.

Eskualdeko udalbatzar berriak eratu ondoren, karguak berritu egin dituzte Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatean zein Badesa sozietate publikoan gaur bertan egin den ekitaldian.

Ohi denez, adin mahaia osatu dute lehenengo, eta ondoren, eskualdeko udal bakoitzaren ordezkariek parte hartu dute bozketan. Hautagai bakarra aurkeztu dute kargu bakoitzeko: Iosu Arraiz Aranburu elgoibartar jeltzalea mankomunitateko presidente izateko eta Jose Luis Araujo ermuar sozialista, berriz, presidenteorde izateko. Eta aldeko 11 botorekin eta 3 abstentziorekin onetsi dituzte karguok. 

Alkateordea Elgoibarren

Iosu Arraiz (Bilbo, 1991) 2015az geroztik da zinegotzia Elgoibarko Udalean. Ikasketei dagokienez, Obra publikoko ingeniari teknikoa da eta Ingeniaritza Zibilean gradua dauka, eta baita ere masterra Bide, Kanal eta Portuen Ingeniaritzan. Lehen alkateordea ere bada Elgoibarko Udalean eta HIrigintza Saileko arduraduna. Horrez aparte, bestelako erakunde batzuetan ere bada ordezkari: Gipuzkoako Ur Kontsorzioan eta GHKko batzar nagusiko kide, pare bat aipatze aldera.