Kalean da A Tuti Plain-en maketa

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 10a, 09:32
Maketaren azala.

A Tuti Plain talde soraluzetarrak bere lehen lana argitaratu du. Bost kantuz osatutako maketa da, otsaila eta ekaina bitartean Eibarko Legarre estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu dutena, Walter Tuzzeoren gidaritzapean.

Taldekideen esanetan, bost kantuok, taldeak jorratzen dituen bide musikalen erakusgarri dira. Rock musika dute ardatz baina bestelako musika estilo batzuk ere baliatzen dituzte: popa, rapa, funkya... Hitzetan berriz, ‘argi-izpia' da errepikatzen den kontzeptua. "Tunelaren amaieran beti bada itxaropenerako tarterik".

Salgai eta entzungai

EPa www.atutiplain.bandcamp.com webgunean entzun daiteke eta 2,5 €ren truke deskargatu daiteke. Hurrengo asteetan CD formatoan ere salgai jarriko dituzte 200 ale, bakoitza 5€ren truke. Azkenik, hurrengo egunetan, sareko plataforma digitalean ere jarriko dituzte entzungai kantak : spotify, youtube, www.facebook.com/atuplain ...  

Bide berrien bila

A Tuti Plain 2016an sortutako taldea da. Sorreratik gaur egunera hainbat aldaketa izan ditu taldekideen artean, egungo talde finkatu arte. Taldekideek adierazi dutenez “hasieratik esperimentaziorako gune moduan proiektatu izan da, musika estilo jakin bati lotu gabe, hainbat iturritatik edanez. Etengabe bide berriak bilatzen ari den taldea da”.

Taldekideak: Joseba Mendizabal, Ina Peñalba, Jondar Plata eta Gotzon Elizburu.