A Tuti Plain: argi izpi bila iluntasunean (Elkarrizketa osoa)

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 3a, 08:00

Legarren duten entsegu lokalean jarri dugu hitzordua A Tuti Plain taldeko lau musikariekin, domeka iluntzeko zazpiretan, arratsaldeko entsegua amaitu ostean. Heldu garenerako, Legarreko plazatxoan daude zain laurak: Ina, Gotzon, Jondar eta Joseba. Barrez-barrez daude. Ematen du gogotsu daudela taldearen berri emateko. 

Grabadora martxan jarri eta berrogeita bost bat minutuz jardun dute berbetan. Ahotan izan dituzte honakoak: taldearen ibilbidea, osatu dituzten kantuak, musika influentziak, maketa grabatzeko prozesua, Soraluzen dagoen musika-lokalen gabezia… Elkarrizketaren erdian, Legarreko jaietako kide bat agertu da, galdezka, irailean Legarreko jaietan joko ote luketen diru-sari eta jatordu truk. Musikariek baietz erantzun diote, berehala. Bistan da irrikaz daudela hilabeteotan maketa prestatzeko egin duten lana jendaurrean erakusteko.

‘A Tuti Plain’

Josebak aitortu duenez, “taldearen izena parranda gau batean asmatutakoa da”. Taldearen izenak Italiera eta ingelesa nahasten ditu. A Tuti-k “dena” dena esan nahi du, eta Plain-ek planoa (gora beherarik gabea). Inaren iritziz, “izena ironikoa da, taldearen izaeraren guztiz kontrakoa” delako.

A Tutik ibilbide laburra du oraindik. Hiru urte inguru dira taldea sortu zutela eta urte t’erdi gaur egun taldean dauden lau kideak batu zirela. Denak bat datoz: “Ez da erraza disponibilitatea daukan jendea elkartzea. Batzuk ez daude prest asteburuetan jotzeko, edo entseatzeko. Taldeak konpromisoa eskatzen du”.

31 urterekin, Gotzon Elizburu (bateria) da taldeko beteranoa (gainerakoek 21-22 urte dituzte) eta musika arloan esperientzia zabalena duena ere bai. Bere garaian, Junzai Txetxera taldeko abeslari izana da Gotzon eta talde harekin maketa bat ere kaleratu zuen. Jondarren ustetan, Gotzonen figura garrantzitsua izan da taldea egonkortzeko, aurretik kide aldaketa asko izan baitzuten. “Gotzon da proiektua gidatzen eta enfokatzen lagundu duena. Berak ezagutzen du prozesu hau zelakoa den eta hankak lurrean ditu. Bera beti dago hor, serio”.

Maketa, motibazio iturri

Taldekide guztiak bat datoz esaterakoan, maketa osatzeko prozesua motibazio iturri garrantzitsua izan dela. Urtebete inguru pasatu dute kantuak prestatzen eta prozesua gogorra bezain aberatsa izan da: “Disfrutatu eta sufritu egin dugu. Lau ordu baino gehiagoko grabaketa-saioak egin ditugu estudioan, goizeko ordubiak arte… Lokalean grabatuta ematen du kantua oso ondo dagoela baina estudioan akats asko topatzen zaizkio”. 

Walterren estudioan grabatu dute maketa, Legarren bertan eta gustura daude emaitzarekin. “Walter asko inplikatu da eta kantuek asko eboluzionatu dute estudioan, hazi moduan egin dira. Aholku asko eman dizkigu eta lagundu digu kantuak osatzen”.

Maketari taldearen izena bera jarri diote: A Tuti Plain. Bost kantu izango ditu: ZauriakBeste behinAPP, Itzalaren Menpe eta PUG. Eta espero dute uztailerako kalean izatea. “Asmoa da kopia gutxi batzuk ateratzea, lagunei banatzeko eta saltzeko, eta, gero, audioak plataformetara jasotzea, nahi duenak entzun ditzan”.

Urtebete inguru pasatu dute kantuak prestatzen eta grabatzen, eta denbora horretan ez dute zuzeneko bat ere eskaini. Orain, prest dute ordubete inguruko zuzenekoa eta irrikaz daude hilabeteotan egindako lana publiko aurrean eskaintzeko. “Maketa grabatu grabatu dugu jendeari gure lana erakutsi ahal izateko, kontzertuak lotu ahal izateko”.

Lehen zuzenekoa joan zen eguenean eskaini zuten Donostiako Dabadaba aretoan. Jondarren esanetan, “Dabadaba nahiko areto potentea da eta orain dela urtebete ez genuen pentsatuko han joko genuenik. Dena dela, guretzat, lekua baino garrantzitsuagoa da zein datorren ikustera. Gu prest gaude edozein lekutan jotzeko”. 

Badute asmoa herrian maketa aurkezteko jai bat antolatzeko ere, baina grabazio prozesua aurreikusi baino gehiago luzatu da eta erabaki dute jaia irailerako lagatzea. 

 

Bost kantu

Maketan bost kantu sartu dituzte. “Ez dira kanturik onenak, salgarrienak… Dira bost kantu. Adibidez, Zauriak izeneko kantuak berba egiten du isildutako jende eta herri txikiei buruz. Beste kantu batzuk pertsonalagoak dira. Letrak nahiko kritikoak dira, negatiboak edo pesimistak, baina badute puntu positibo bat: argi izpi bat iluntasunean kontzeptua presente dago kantu guztietan. Pug kantua ere pesimista da, baina badu argi puntu hori eta zera dio, mundua alda litekeela, indarrez eta gogoz, egin daitekeela:‘Hainbat aukera mundua aldatzeko, gure fedeak gestionatzen ikasteko’”.

Letra gehienak Inak idazten ditu, baina gainerakoek ere parte hartzen dute. Batzuetan letra batetik abiatzen da kantua eta bestetan doinutik. Normalean, hasieran musika sortzen dute eta letra gerora joaten da indarra hartzen. “Letrak dira bakoitzak bere erara interpretatzeko modukoak. Ez da erraza kantu batek zer esan nahi duen esatea. Koadro inpresionista batek zer esan nahi duen esatea modukoa da. Gustatzen bazaizu, ondo, eta bestela ez gara zure taldea. Baina gustatzen bazaizu, ba, erosi CDa”.

Crossover estiloa eta influentziak

A Tutik lantzen duen estiloa definitzeko eskatuta, crossoverra aipatu dute erdi txantxetan, “estilo bat baino gehiago nahasten ditugulako”. Batez ere, rocka da nagusi, baina ageri dira popa, rapa, funkya ere. “Ahalegintzen gara kanona apurtzen. Esaterako, Zauriak kantuak bi minutu eta erdi inguru dauzka eta hiru parte oso diferente: hasten da power poparekin, jarraitzen du funkyarekin eta amaitzen da riff metalero batekin. Inkluso, konposatu genuen kantu bat jo ezin genuena Bossa-metala (barreak)”.

Influentziez galdetuta, taldeko gazteenek aitortu dute bertako erreferente gutxi dituztela. Josebaren esanetan, Berri Txarrak da euskarazko talde erreferente bakarrenetakoa, eta gainerakoak estatukoak edo internazionalak dira: Morgan, Los Cigarros. Hala ere, Gotzonen bitartez 90. hamarkadako euskal talde askoren musika ezagutu dute: BAP!!, Kashbad... eta gaur eguneko batzuena ere bai: Lisabö, Willis Drummond, Kuraia, Sexty Sexers… Transmisio horren garrantzia azpimarratu dute denek. Gotzonen esanetan, “gaur egun, gazte bati gertuago gelditzen zaio La Polla edo Kortatu, Negu Gorriak edo Dut baino”.

Entseatzera Eibarrera

Jondarrek hartu du hitza. “Denok herrikoak izanda, gustura entseatuko genuke herrian, baina Ezozi Bideko lokalak dauden moduan egonda, han ezin da jasan eta azkenean joan egin gara. Lokalen egoera penagarria da. Ez da sormenerako leku duin bat. Instalazio elektrikoa zaharra, tetxua jausten, hezetasuna %200, segurtasun falta”.

Orain dela 15 urte sekulako mugimendua eratu zen herrian, RK Zulorena, besteak beste entsegu lokalak eskatzeko. Momentuko soluzioa bilatu zen taldeei Ezozi Bideko lokalak emanda baina denborarekin ikusi da Ezozi Bidekoa ez dela espazio egokia. Egoera negargarrian egoteaz aparte, bizilagunentzat ere ez da lekurik onena, zarata pasatu egiten delako.

Legarren bestelakoa da egoera. Udalak musikariek entseatzeko lokal egokiak prestatu ditu eta musikarien elkartearen esku laga du kudeaketa. Talde bakoitzak 35 euro ordaintzen ditu hilean, txartelarekin kontrolatzen da zein sartu eta zein ateratzen den eta derrigorrezkoa da hileroko batzarretan parte hartzea. Ordainetan, taldeek lokal intsonorizatuak, komun garbiak eta estudioa dituzte erabilgarri. Legarreko adibideari jarraituz, aipatu dute beharbada Soraluzen ere musikarien elkarte bat sortu beharko luketela, ondoren udalari azpiegitura egokiak eskatu eta behar bezala kudeatzeko.

Denek uste dute Soraluzen ere Udalaren inplikazioa eta babesa handituko balitz, asko lagunduko lukeela musika mugimendua indartzen: “Adibide ona da futbolarena. Begira futbol zelai berriarekin zela indartu den kluba. Garbi dago, suari egurrik bota ezean emendatu egiten da eta horixe pasatzen da Soraluzen musikarekin. Musika eskolan gazte mordo batek ikasten dute, baina gero ez dute lekurik entseatzeko eta laga egiten dute. Beharbada, musikariok ere elkarte bat sortu behar genuke gure eskariek indar gehiago izan dezaten”.

Bestetik, Arrano tabernak kontzertua antolatzeko abiatu duen ekimena txalotu dute. “Beharbada leku aldetik zailena duen taberna da baina hala ere ausartu dira eta arrakasta handia ari dira lortzen. Bejondeiela!”.  Gaztetxea ere gune garrantzitsutzat dute “oso toki garrantzitsua da herriko musikarientzako eta pena bat da ez egotea mugimendu gehiago”.