Entrenatzaileak eta gazte mailarako jokalariak behar ditu Sorak

Ubane Madera 2019ko uzt. 4a, 12:25
Sorako zuzendaritzako eta Futbol Eskolako ordezkariak atzoko batzarren.

Diruz osasuntsu dabil, baina entrenatzaile eta jokalari aldetik gabeziak ditu Soraluze Futbol Taldeak. Halaxe jakinarazi zuten atzo, eguaztena, urteko batzar nagusian. Hori bai, Gorengo mailako taldearen denboraldi bikaina azpimarratu zuten eta Kadete mailako taldea nabarmendu zuten, kasu horretan, kiroltasun ikuspegitik balorazio oso positiboa izan duelako Gipuzkoa mailan.

Sora Futbol Taldeko zuzendaritzako ordezkariak, Futbol Eskolako arduradunak eta bi guraso bertan zirela egin zuten atzo Elkartegian herriko futbol taldearen urteko batzarra. Ohi dutenez, kirol jarduna zein ekonomikoa aztertu zituzten, eta proposamenen berri eman zuten.

Balorazio ona

Kirol jardunari dagokionez, Futbol Eskolarekin abiatu zen errepasoa: “Umeek oso pozik bukatu dute orokorrean, dena ondo joan da”, baloratu zuten.

Infantil mailari dagokionez, berriz, azpimarratu zuten “meritua” izan dutela haiek aurten, jokalarien %80a berria izan delako.

Kadeteei begiratuta, nabarmendu egin zuten talde hori. Izan ere, Gipuzkoa mailan bada bertako futbol federazioak egiten duen zerrenda bat, talde bakoitzaren kiroltasuna puntuatuta. Baloratzen dituzte, batik bat, taldeko jokalarien jarrera, jokamoldeak, jokalariei ateratzen dizkieten txartel kopurua… Eta lurraldeak dituen 100 talde baino gehiagoren artean, Soraluzeko Kadete maila 17. lekuan dago.

Eta ja Gorengo mailari dagokionez, bertako jokalariek denboraldi bikaina egin dutela azpimarratu zuten, batik bat. Hasiera gorabeheratsua izan ondoren, bosgarren egin du-eta sailkapen orokorrean.

Gabeziak

Baina gabeziak ere baditu Sorak. Eta horiek ere mahai-gaineratu zituzten atzo. Nagusiena da aurtengo denboraldian ez duela lortu gazte mailako talderik sortzea, eta gogora ekarri zuten moduan, “hiru denboralditan hori berori gertatuz gero, talde nagusia desagertu egingo da”, errelebo faltarengatik.

Zentzu horretan, Alberto Goenaga presidenteak jakinarazi zuen “ahalegin handia” egiten dabiltzala Bergarakoekin, Eibarkoekin eta Elgoibarkoekin, datorren denboraldiari begira gazte taldea ere izan dadin Soraluzen. Halaber, Goenagak gogora ekarri zuen “ikusten zela” egoera hori bazetorrela, badaudelako bizpahiru kinta oso txikiak udalerrian. Hala ere, espero dute adin horretako herriko jokalariekin (12-13 bat badaude) zein kanpokoekin osatuko dutela gazte mailako taldea datorren denboraldiari begira.

Eta batzarrean aipatu zuten beste gabezietako bat entrenatzaileena da. Falta dira futbol eskolarako bi, eta infantil eta gazte mailetarako beste bana.

Sora Eguna kalean

Balantze ekonomikoari dagokionez, berriz, hor balorazioa positiboa izan zen. Oro har, 4.000 euro pasako superabita izan du-eta taldeak 2019-2020 denboraldian.

Horrez aparte, batzarrean aipatutakoen artean, Sora Eguna kalean eta talde guztiek elkarrekin egiteko proposamena mahai gainean jarri eta bide horretatik saiakera egitea erabaki zuten.

Bestalde, guraso batek proposatu zuen jokalariak saritzeko modua aldatzea. Izan ere, futbolean ohi denez, saria izaten dute goleatzaile eta atezain onenek eta jokalari erregularrenak. Gurasoaren iritziz “futbola taldean” jokatzen dela kontuan hartuta, sariek ez lukete indibidualak bakarrik izan beharko.