Giza probetan plazarik plaza

Ubane Madera 2019ko uzt. 3a, 13:15

500 kiloko harriarekin 20 minutuan 68 plaza eginda, berdindu egin zuten Mendaroko eta Zarauzko kuadrillek barikuan Zarautzen jokatutako giza probetan. Domekan, berriz, Zaldibarren izan ziren mendaroarrak erakustaldia egiten. Eta bariku honetan Amoroton dute desafioa. Zortzi laguneko ekipoan, bi soraluzetar ditu Mendaroko taldeak: Ines Laskurain eta Miren Gallastegi.

Iaz, Mendaroko giza proba taldeak erakustaldia egin zuen Zarauzko Inurritako jaietan: 20 minutuan ia zenbat plaza egin. Bertako jai batzordekoei ekimena gustatu, eta desafioa jo zieten Mendaroko taldekoei, aurtengo jaietan ia zeinek irabazi.



Eta horrela, barikuan gauzatu zuten bi kuadrillen arteko desafioa, biek ala biek emaitza berbera eskuratuta: 68 plaza egin zituzten 20 minutuan 500 kiloko harritik zortzi lagunen artean tiratuz. Mendaroarrak izan ziren plazaratzen lehenak; “bentaja” hori eman zieten zarauztarrei, giza probatan estreinaldia zutelako azken horiek.

“Polita geratu zen jendeak ikusteko”, kontatu du Miren Gallastegi soraluzetarrak, bera eta Ines Laskurain soraluzetarra taldekide dira-eta Mendaroko giza proba taldean azken 5 eta 7 urteotan, hurrenez hurren.



Domekan, berriz, Zaldibarren egin zuten erakustaldia, Eitzagan. Hor ere 20 minutuko lana izan zuten aurrez aurre. Eta bi tandatan jardun zuten. Lehenengoan 36 plaza egin zituzten, eta bigarrenean 43. “Hormigoizkoa zen plaza. Zailagoa izan zen”, kontatu du Gallastegik. Hori bai, gaineratu du ikusleek asko animatzen dituztela, eta halako hitzorduak entrenatzeko aprobetxatzen dituztela.

'Cuatrolatas'-etik tiraka

Izan ere, uda sasoia da, hain justu, giza probetan denboraldirik indartsuena. Horren erakusle, etzirako barikua, dagoeneko beste hitzordu bat badute Mendaroko taldekideek. Oraingo honetan beste desafio baten baitan, lasterketa egingo dute: 2,5 kilometrotan cuatrolatasa aldapan gora herrira zeinek lehenago igo, Mendaroko taldekideek ala Amorotokoek. Bihar, martitzena, joango dira soraluzetarrak probatzera.

Eta irailerako ere badute beste hitzordu bat: Angiozarren, bertako kuadrilla baten kontra.

Argazkiak eta bideoa: Enara Gallastegi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.