Brontzea irabazita bueltatu dira

Ubane Madera 2019ko uzt. 3a, 11:02

Hirugarren postua eskuratu du Onintza Ibarzabalek selekzioen arteko txapelketan, Euskadiko Hockey Selekzioko taldekideekin batera. Galizian jokatu dute txapelketa pasa berri den asteburuan eta brontzezko dominarekin bueltatu da etxera soraluzetar jokalaria. “Demaseko esperientzia” izan dela diote.

Asteburu osoko txapelketan lehiatu da Onintza Ibarzabal, selekzioen arteko hockey txapelketan, Euskadiko Selekzioko jokalari modura. 20 urtez azpikoen mailan, emakumezkoen bost selekzio lehiatu ziren elkarren kontra: Andaluzia, Galizia, Valentzia, Aragoa eta Euskadi.

Euskadikoek galdu egin zuten lehen partidua, batik bat, urduritasunak eraginda. Baina irabazi egin zituzten ondorengoak; hori horrela, 3. eta 4. postuarengatiko lehian, irabazi egin zuten Andaluziaren kontrako norgehiagoka, eta horrela, brontzezko domina eskuratuta bueltatu dira etxera.

"Giro ikusgarria"

Familiak lagunduta bertaratu zen Ibarzabal Galiziara; lehen aldiz jokatu du Euskadiko selekzioko jokalari modura, eta bera eta familia oso pozik bueltatu dira bizitakoarengatik: “Demaseko esperientzia izan da, oso ona. Antolaketa aldetik oso profesionala, selekzioa zela agerikoa zen”, kontatu du Iraitz Ibarzabal aitak.

Hark gaineratu duenez, ikusle asko bertaratu zen, baita Euskaditik ere, eta “giro ikusgarria” izan zuten. Alabari dagokionez, orain ja oporrak hartuko ditu Onintza Ibarzabal jokalariak, eta abuztuan aurre-denboraldia prestatzeari ekingo dio; lehenengo Canfranc-en (Huesca) egingo duten hockey campusean eta ondoren, Txuri-Urdin hockey izotzeko taldearekin egingo du beste astebete.

Urrea eta zilarra

Galiziako txapelketara bueltatuz eta Euskadiko Selekzioa ordezkatu zuten gainontzeko mailei dagokienez, berriz, infantil mailakoak urrezko dominarekin bueltatu dira eta zilarrezkoa eskuratu dute alebin mailakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.