Errepikatzeko gogoz

Ubane Madera 2019ko uzt. 1a, 20:10

Atzo, domeka, Gerlarien Erronkan parte hartu zuen Ainhoa de Castro soraluzetarrak, Getxon. Estreinaldia izan zuen OCR motako oztopo lasterketan soraluzetarrak, eta sei kilometro eta 20 oztopo zituen ibilbidea egin zuen. Esperientzia errepikatzeko gogotsu dago.

Getxoko Portu Zarrean egin zuten atzo, domeka, Gerlarien Erronka. Ibilbide luzeko (12 kilometro, 25 oztopo) eta laburreko (6 kilometro, 20 oztopo) zirkuituetan 1.172 kirolarik parte hartu zuten, tartean, Ainhoa de Castro soraluzetarrak. Eta 137-139. helmugaratu zen (txipak ez zion ondo markatu).

Oztopoak ibilbidean

Berezia da Gerlarien Erronka. OCR motako lasterketen barruan dago; hau da oztopoak daude ibilbidean: 4 metroko soka igo, penditza izugarrizko arrapalak igo, lurra ukitu gabe distantzia jakinak egin eta beste.  

Oztoporen bat gainditu ezean, zigor bat bete beharko du kirolariak lasterketan jarraitzeko.Baina aldi berean, kirolariek oztopoak gainditzeko elkarri laguntza emateko aukera dute.

Hurrengoa buruan

Ainhoa de Castrok estreinako aldiz hartu du parte halako esperientzia batean. Arrasateko bi lagunekin bertaratu zen, eta errepikatzeko asmo sendoarekin bueltatu da: “Gogorra da, baina esperientzia super ona da. Aldapa handiak daude. Baina lagunarteko giroa dago. Lasterketak dira, baina elkarri laguntzea ere badute arau, oso zailak direlako. Hurrengorako nago prestatzen dagoeneko. Orain deskantsatu egingo dut”.

De Castrok esplikatu duenez, astebururo dago halako lasterketaren bat inguruan. Uztailean, esaterako, Gasteizen dago bat: Survivor Vitoria-Gasteiz. Spartan Race da, berriz, ezagunena, mundu mailan.

 

Argazkiak: Berna de Castro.