Debarroko txapeldun!

Ubane Madera 2019ko eka. 23a, 11:57

Aitor Atxotegi eta Iñigo Irureta dira Debarroko Eskuz Binakako 2019ko txapeldunak. Bergarako Etxanizekin eta Gartziarekin 18-22 eginda irabazi zuten atzo finala. Horrez gain, Aitor Atxotegi izendatu zuten jokalaririk onena. Garaipenarekin “pozik” dago Atxotegi, baina aitortu du sentsazio “gazi-gozoa” izan zuela atzo Oñatin.

“Partidu zaila izan zen, hasieratik atzetik joan ginen, tanto bat-bi atzetik, 17-15era ailegatu arte, hor ere atzetik. Gero sakearekin egin nituen bizpahiru tanto eta azkenean 22-18 egin genuen”, laburbildu du Aitor Atxotegik finaleko atzoko partidua.

Irabazi arren, baina, atzetik ibiltze horrekin ez da oso pozik geratu soraluzetarra; “sentsazio gazi-gozoak” izan zituela aitortu du: “Gehienbat ez nuelako disfrutatu; eurek jokoa garbi zuten, atzera eta atzera botatzen ibili ziren, aukera gutxi ikusten nituen, eta zeudenetan dena egin nahi eta ezinean ibili nintzen, urduri nengoen…”.

Onena Atxotegi

Sentsazioak sentsazio, eta Atxotegik horrela sentitu arren, Debarroko delegatuek erabakita, jokalaririk onena berau izendatu zuten; beraz, akaso oso pertzepzio subjektiboa izan zela ere onartu du Atxotegik, eta jakina, pozik egon ere badago Soraluzeko Pilota Elkarteko jokalaria eta arduraduna.

Gainera, giro polita sortu zen Oñatiko frontoian, Soraluzetik 20-25 bat lagun bertaratu ziren-eta etxekoak animatzera.

Azkenean, bada, Debarroko Eskuz Binakako txapeldun izatearren garaikurra eta txapela eman zizkieten Aitor Atxotegiri eta Iñigo Iruretari; eta beste garaikur bat Atxotegiri, jokalaririk onena izatearren. Hori horrela, Soraluzeko Pilota Elkarteak eskuratu ditu Debarroko sei txapel, eta Aitor Atxotegik berak zazpi txapel.

Argazkiak: Aitor Atxotegi.