Ikasturte amaierako pilota jaialdia gaur, eta Debarroko finala bihar

Ubane Madera 2019ko eka. 21a, 08:23
Debarroko txapelketaren iazko irabazleak, Soraluzen.

Gaur, barikua, 17:00etan, ikasturte amaierako pilota jaialdia egingo dute 50 bat pilotari gaztek frontoian. Bihar, zapatua, Aitor Atxotegik eta Iñigo Iruretak eskuz binakako Debarroko finala jokatuko dute Oñatin, Ander Etxaniz eta Markel Gartzia bergararren kontra.

Gaur, barikua, pilotari gaztez beteko da Arane kiroldegiko frontoia, gaur dute-eta aurtengo ikasturtea agurtzeko pilota jaialdia Soraluzeko Pilota Elkarteko neska-mutikoek.

17:00etan hasita, partiduak jokatuko dituzte euren artean, final eta guzti; hain justu, partidu gehien irabazten dutenek jokatuko dute finala elkarren artean. Gainontzekoek 'barruka' jokatuko dute, pilota ikasle guztiek parte har dezaten ikasturte amaierako jaialdian. Amaieran, domina bana emango diete ikasturtea agurtzeko.

Etxaniz-Gartzia aurkari

Bestalde, zapatuan, 16:30ean, Oñatin dute hitzordua Aitor Atxotegik eta Iñigo Iruretak, Debarroko txapelketako eskuz binakako finala jokatzeko. Hirugarren partidua jokatuko dute Soraluzeko senior ordezkariek, kadeteen eta jubenilen partiduen ostean.

Aurrean, Bergarako Ander Etxaniz (Jokin Etxanizen semea) eta Markel Gartzia izango dituzte, eta azken bost urteotan irabazitako txapela defendatzeko asmoz bertaratuko dira Soraluzeko Pilota Elkarteko ordezkariak: “Ligaxkan ezin izan genuen jokatu Etxanizen kontra, eskuko minarekin zegoelako. Baina irabazteko intentzioarekin eta asmo horrekin joango gara. Azken bost urteotan txapelketa Soraluzeko Pilota Elkartearendako izan da, ea seigarrena ere lortzen dugun”, dio Aitor Atxotegik.

Soraluzeko pilotari beteranoarendako berezia izango litzateke zapatuan jokoan dagoen txapel hori bereganatzea, bere zazpigarrena litzatekeelako: “Orain dela 10 urte irabazi nuen lehen aldiz nagusien mailan. Dauzkat sei txapel, eta ea zapatuan zazpigarrena lortzen dugun”.