Hezur eta zeramika pusketa gehiago aurkitu dituzte Dolmenen Ibilbidean

Ubane Madera 2019ko eka. 20a, 14:10

Eguraldiak ahalbidetzen duenean, badihardu boluntario talde batek aurten ere indusketak egiten Dolmenen Ibilbidean, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gidaritzapean. Egunotan, Elosu aldean, Agerreburun dabiltza lanean, eta hezur eta zeramika pusketak aurkitu dituzte 12 metroko diametroa duen tumuluaren inguruan barreiatuta. Datozen egunotan, Soraluze aldeko partean segituko dute lanean.

Aurtengo indusketez, bisita gidatuez eta azken urteotan Dolmenen Ibilbidean sasoi honetan egiten dituzten jarduerez gain, datozen hilabeteotan mendi-gaineko nekropoliarekin zerikusia duten bestelako lan batzuk ere egingo dituzte: seinaletika berezia ipiniko dute eta unitate didaktikoak prestatuko dituzte, datorren ikasturtean Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko ikastetxeetan erabil ditzaten.

Galemys enpresako adituek dihardute zeregin horretan, eta indusketetan ere parte hartzen dihardute.  

Jarduera horiek guztiak posible izango dira aurten erakundeek bultzada handia eman diotelako proiektuari, dirulaguntzen kopuruak nabarmen handitu baitituzte Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko Udalek, Debegesak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Diputazioak.

Erlazionatuak

Gordetakoak azaleratzen

Ubane Madera 2019 eka 20 Soraluze