Dolmenen Ibilbidea adituen laguntzarekin bisitatzeko aukera

Ubane Madera 2019ko mai. 15a, 15:19
Bisitariak iaz, Gizaburuagako aztarnategian.

Maiatzaren 26an hasi eta abuztuaren 10era bitartean, Dolmenen Ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko doako bisita gidatuak egingo dituzte. Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria eginez, bertako ondare arkeologikoaz eta paisajistikoaz gozatzeko aukera ematen du ekimenak. Bestalde, ekainean hasiko diren indusketetarako boluntario bila dabiltza.

Karakatetik (Soraluze) 10:00etan abiatuta, hiru ordu eta erdiko bisita gidatuak egiteko aukera izango da beste urte batez udaberri-uda honetan. Debegesaren eta Soraluzeko, Bergarako eta Elgoibarko udalen eskutik, maiatzaren 26an da lehen hitzordua (euskaraz).

Hortik aurrera beste sei bisita gidatu izango dira Dolmenen Ibilbidean: ekainaren 29an (euskaraz), uztailaren 7an (gaztelaniaz), uztailaren 14an (euskaraz), uztailaren 21ean (gaztelaniaz), uztailaren 28an (euskaraz) eta abuztuaren 10ean (gaztelaniaz).

Izena eman

9 kilometroko ibilbideak eskaintzen duen paisaia ederraz gozatzeaz aparte, bisitariek mendilerroak dituen Historiaurreko monumentuak ikusi eta haien historiaren berri izango dute, adituen eskutik. Neolitiko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat daude, besteak beste.

Bisitetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da: 657 79 46 77 telefono zenbakira deituta ala info@begi-bistan.com helbidera idatzita. Parte hartzeko gutxieneko adina 7 urtekoa da; osterantzean, bisita gidatuetan edozeinek parte har dezake.

Indusketak, ekainean

Bestalde, azken urteotan egindako moduan, aurten ere Aranzadi Zientzia Elkarteko profesionalek indusketak egingo dituzte bertan, Agarreburun, Frantsesbason, Sabuan eta Irukurutzetan. Ekainaren hasieran bertaratuko dira, eta zeregin horretan laguntzeko boluntario bila dabil Aranzadi, bereziki, inguruko herritarren partaidetza estimatuko lukete.

Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzita (Jesus Tapiari, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoari), maiatzaren 30a aurretik.

Liburuxka berria

Horrez aparte, jakinarazi dute Dolmenen Ibilbideari eskainitako liburuxka turistiko berria editatuko dela. Liburuxkak Karakate eta Iturriberri arteko mendilerroaren mapa erakutsiko du, bertan dauden 19 monumentuen kokapenarekin. Bertara iristeko jarraibideak ere azalduko dira.

Liburuxka ikusgai egongo da debabarrenaturismo.com webgunean; eta eskuragarri egongo da, baita ere, Soraluzeko Udaletxean, Bergarako eta Debabarreneko bi turismo bulegoetan (Mutrikun eta Deban) eta Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan.

Jarduerok laguntzen dituzte honako erakundeek: Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren eta Kultura Sailburuordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak.