Iker Aldazabal: “Denon alkate izango naiz”

Ubane Madera 2019ko eka. 15a, 13:31

“Buru-belarri lanean segitzeko” eta “denon alkate” izateko konpromisoa erakutsita hartu du beste lau urterako alkate kargua Iker Aldazabal jeltzaleak, PSE-EEren aldeko botoekin. Gobernutik “eurak apartatzeko” arrazoia zein izan den galdetu du behin baino gehiagotan EH Bilduko bozeramale Unai Larreategik, baina ez du erantzunik jaso eta hori “larritzat” jo du. Betozko ilunak izan dira gaur nagusi osoko bilkuren aretoan.

Aretoa herritarrez beteta zegoela, 12:00etan hasi eta ordu erdi inguruan gauzatu da udalbatza berria eratzeko osoko bilkura. Zinegotzi guztiek “legeak behartuta” zin egin dituzte karguak (PSE-EEkoek, zin barik promes eginda hartu dute kargua) eta ondoren alkatea izendatzeko bozketa egin dute.

Aurreikusitako moduan, PSE-EEko bi zinegotzien aldeko botoei esker gehiengo osoa eskuratu (6 boto) eta horrelaxe hartu du beste lau urterako alkate kargua Iker Aldazabal jeltzaleak.

"Denon alkate"

Hark, familiari eta lagunei eskerrak eman, zinegotzi berriei ongi-etorria egin, kargua laga dutenei eskerrak eman, eta kargu-hartze diskurtsoan, oro har, konprometitu da “azken lau urteotan” moduan, datozenetan ere “buru-belarri” lanean segitzeko asmoa duela, eta udaletxeko ateak zabalik izango dituela “soraluzetar guztien alkate” izango delako, eta ez bakarrik euren alde bozkatu dutenen alkate.

Horrekin batera, azken lau urteotan hartutako erabaki asko Udal Gobernuaren eta oposizioaren adostasunarekin hartu izan direla azpimarratu, eta bide beretik segitzeko asmoa nabarmendu du.

Erabakia arrazoitzeko eskaera

Udal hauteskundeetan boto gehien eskuratu zituen EH Bilduren bozeramale Unai Larreategik, berriz, alderdiak elkartu eta gobernua osatzeko “zilegitasun osoa” dutela adierazi ondoren, hori arrazoitzeko eskatu die EAJri eta PSE-EEri, honako galdera eginez: Zein da arrazoia gu apartatzeko?.

Eta erantzunik jasotzen ez zuela ikusita berriro ere eskatu du azalpenak emateko euren alde bozkatu duten 900 herritar baino gehiagori, are gehiago kontuan hartuta, Soraluze “gainbeheran” dagoela-eta egoerari herri modura erantzuteko “beharra” dagoela azpimarratuta.

Dialektikan sartuta, Patricia Borinaga sozialistak ere hartu du hitza, besteak beste, azpimarratzeko Iker Aldazabalen alde bozkatzeko erabakia Euskadin hartu eta Soraluzen “berretsi” egin dela. Horrekin batera, konpromisoa erakutsi du “soraluzetar guztien” alde lan egiteko eta besteak bete, gonbita egin du herri partaidetza bidez hartzen diren udal erabakietan parte hartzeko.

Ana Maiztegik, zinegotzi bilkide berriak ere hartu du hitza eta zera adierazi du: “Urrun geratzen dira batuketak soraluzetar askorendako. Soraluze atzoko eta herenegungo gainbehera berean dago”.

Eta osoko bilkura bukatzeko, aretoan zeuden herritarrei hitza eman, eta bertatik, besteak beste, alkateari eskatu diote herria garbitu dezala, edukiontzi inguruak batik bat, eta duen soldata igo ez dezala; eta gobernuko liberatu bakarra alkatea dela-eta, aurpegiratu diote ez dakiela delegatzen eta hori ez dela egokia izaten enpresa baten norabide egokirako.