EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa "alderdien arteko kromo banaketa” dela uste du EH Bilduk

Ubane Madera 2019ko eka. 13a, 20:30

Unai Larreategi EH Bilduko bozeramalea maiatzeko osoko bilkuran berba egiten, Lorea de Castro eta Roke Akizu ondoan dituela.

Zapatuan, 12:00etan egingo den alkate izendapen plenoan “elkarlanaren apologia eta hartuko duten erabakiaren desegokitasuna azpimarratuko” dituela jakinarazi du EH Bilduk. Eta “bertaratzeko asmoa” duten herritarrei eskertuko lieke “logika horretatik bideratzea” euren “ezinegona”. 

EH Bilduk “alderdien arteko kromo banaketa” modura ikusten du EAJk eta PSE-EEk adostu duten akordioa Iker Aldazabal jeltzalea zapatuan alkate izendatzeko. “Beste behin erabakiaren ardatza ez da Soraluzen kokatuko. Ez dakigu ondo non dagoen, Madril, Gasteiz edo Donostian, baina argi dago kanpotik etorritako erabaki politiko batek baldintzatuko duela gure herriaren etorkizuna”.

"Elkarlanaren apologia"

Maiatzaren 26ko hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuen koaliziotik uste dute erabaki horrek “elkarlanaren bidez ilusioa sortzen ahalegindu ordez herriaren zatiketa eta etsipena elikatuko” duela.

EH Bilduk jakinarazi du agintaldi berriari begira eskaintza egin ziela EAJri eta PSE-EEri “alderdi guztien arteko gobernantza eredu inklusiboa garatzeko, inor aparte utziko ez lukeen eredua (..) Eskaintza horren aurrean etorri zaigu erantzuna”, diote.

Alkarrekin Soraluze Dinamika sortzeko arrazoia, “herriaren gainbehera” izan zela gogora ekarrita eta gainbehera hori ”azkartu” egin dela iritzita, koalizio abertzaleak azpimarratu du “dinamika berdinarekin beste lau urteko ziklo bat zabaltzear dagoen honetan” argi dutela “etsipen sentsazioa albo batera utzi eta EH Bildutik  dinamika politiko berritu bat ipini behar” dutela mahai gainean. Hori landu nahi dute “herritarrekin elkar hartuta”, eta datozen hilabeteotan helaraziko dituzte zehaztasunak. 

Bien bitartean, jakinarazi dute zapatuan, udalbatza berria eratzeko osoko bilkuran  “elkarlanaren apologia eta hartuko duten erabakiaren desegokitasuna azpimarratuko” dituztela. Eta “bertaratzeko asmoa” duten herritarrei eskertuko liekete “logiko horretatik bideratzea” euren “ezinegona”. 

Erlazionatuak

EH Bilduren oharra osorik

Erredakzioa 2019 eka 14 Politika

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.