Iker Aldazabal izango da alkate

Ubane Madera 2019ko eka. 12a, 11:48

Iker Aldazabal Joseba Egibarrekin eta Soraluzeko hautagaiekin, hauteskunde kanpainan.

Azken orduko ezustekorik ezean, zapatuan, Iker Aldazabal izendatuko dute atzera ere alkate. EAJk eta PSE-EEk adostutako akordioari esker izango da hori. Haren arabera, azken lau urteotan akordioa izan duten udalerrietan berau berretsi egingo da, eta horixe da, hain justu, Soraluzeko kasua.

Zapatuan, udalbatza berriak eratzeko osoko bilkuran, EAJko Iker Aldazabalek alkate izateko hautagaitza aurkeztuko du eta PSE-EEko bi zinegotziek haren alde bozkatuko dute.

Hori horrela, udalbatza osatzen duten 11 zinegotzietatik 6ren botoak eskuratuko ditu EAJko alkategaiak, eta gehiengo sinplea lortuta, Iker Aldazabalek hartuko du alkate kargua 2023. urtera bitartean.

Halaxe konfirmatu du Iker Aldazabalek berak gaur goizean, EH Bilduri, Soraluzen boto gehien eskuratu zituen koalizioari erabakiaren berri eman ondoren.

Izan ere, EAJren eta PSE-EEren artean erdietsitako akordioari esker izango da Aldazabal berriro ere Soraluzeko alkate. Egunotan bi alderdiak Euskadi mailan buru-belarri negoziazioetan ibili ondoren eratorritako erabakia da berau.

12:00etan kargu-hartze saioa

Edozein kasutan, zapatuan boto bitartez berretsi beharko dute akordioa, 12:00etan hasiko den udalbatzen eraketa saioan. Ohi denez, adin mahaia osatuko dute lehenengo, zinegotzi gazteenarekin (Maite Quintanilla) eta nagusienarekin (Abel Olaizola). Bi ordezkari horiek gidatuko dute saioa. Eta ondoren, bozketa bidez izendatuko dute alkatea.

Iker Aldazabalek aditzera eman duenez, zapatuko saioan bertan egingo du balorazio-irakurketa. EH Bilduri dagokionez, berriz, datozen orduotan egingo dute euren irakurketa, Unai Larreategi bozeramalearen esanetan.

Behin zapatuko inbestidura saioaren ondoren, 30 eguneko epea izango dute udal ordezkariek Soraluzeko Udala osatzen duten batzordeak, haien batzorde-buruak eta udalaz gaindiko organoen ordezkariak izendatzeko.