Donostian jokatu zuten Gipuzkoako II. Hanburgesa Lehiaketa, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko Gipuzkoako Harakinen Elkarteak antolatutako Donostia Burger Week 2019 ekimenaren baitan. Maiatzaren 28an izan zen.
Bertan Iñaki Iñarra Soraluzeko harakinak ere parte hartu zuen, lurraldeko beste 30 bat harakinekin batera. Norberak egindako txahal-hanburgesa lehiaketa izan zen, eta Iñaki Iñarra soraluzetarrak aipamen berezia eskuratu du Kalebarren kaleko harategian egindako hanburgesengatik.
Espezia gutxi
Iñarrak esplikatu duenez: “Esan zidaten oso ondo zeudela gure hanburgesak. Ez zirela batere fuerteak, espezia gutxi zituztela eta gustatu egin zitzaizkiela. Esaten dute liburuetan eta lapikoan ipinitzen dena egoten dela, eta gure hanburgesak ere horrelakoak dira. Aparteko osagai bakarra kontserbantea da, legeak derrigortzen duelako kontserbantea botatzea”. Pozik dago Iñarra aipamen horrekin, dioenez “bultzadatxoa da” harategiarendako.
Iñarraren hanburgesak probatu nahi dituenak bariku honetan izango du aukera, Bizikale Azoka dela-eta Plaza Zaharrean jarriko duten txosnan, bertan banatuko diren pintxo berezietako bat izango baitira Iñarraren hanburgesa txikiak.