Guztia gertu dago iaz horrenbeste ikusmin eragin zuen Bizikaleren moda-desfilea egiteko. Adin guztietako 20-25 bat modelok parte hartuko dute, Mesedeetako bi egoiliar barne; eta aurten pasarela luzeagoa izango dute modeloek, soinean jantzitakoa patxada handiagoz erakutsi ahal izateko. Horretaz aparte, ordutegia ere berria izango du desfileak, 20:00etan hasiko baita, iaz baino ordubete goizago.
Azoka
Desfilea baino lehen, baina, Bizikale Azoka egingo dute herriko merkatariek. 17:00etan hasi eta 20:30ean bukatuko da. Eta azokan edo moda desfilean parte hartuko dute honako saltokiek: Triskelek, Lilurak, Kooperatibak, Belarrakek, Iratxo goxo-dendak, KLB6-k, Orratzek, Fannyk, Ainhoa ile-apaindegiak, Mabelek, Marisak, Tabakoak (Sara) eta Mendizabal okindegiak.
17:00etarako, bada, saltokiak Plaza Zaharrean ipinita izango dira, eta txosna ere gertu izango da, herritarrak bertaratzen direnendako, chill out gune eta guzti. Hain justu, herriko baserritarren belar fardoak baliatuta egokituko dute txosnaren terraza alternatiboa.
Pintxoak eta bonoak
Aurten, gainera berritasunarekin dator txosnako eskaintza: hanburgesa txikiak ere izango dira, hanburgesa onenak egitearren aitortza jaso berri duen Iñarra harakinaren eskutik. Eta haiekin batera, iaz moduan, aukeran izango dira baita ere Etxabek egindako okela broxetak eta Juan Mari arraindunaren otarrainxka broxetak dastatzeko.
Eguna borobiltzeko, 20:30ean 25 euroko zortzi bonu zozkatuko dituzte azokan erosketaren bat erosi duten herritarren artean.