Kopa biak etxekoendako

Ubane Madera 2019ko eka. 10a, 10:45
Onintza Ibartzabal Euskadiko Koparekin. Argazkiak: Iraitz Ibartzabal.

Asteburu borobila egin du Bergarako Burdinola hockey taldeak, irabazteko zegoen dena irabazi du-eta zapatuan zein domekan: alebin mailako Euskadiko Kopa eta nesken mailako Euskadiko Kopa. Soraluzetar dezente izan zen Labegaraietan ikusle, Onintza Ibartzabal jokalari soraluzetarra animatzeaz aparte, irailean txapelketetan lehiatzeko taldea sortzeko lanetan dihardute-eta: Marras Eroak.

Euskadiko kopako final biak irabazi dituzte Bergarako Burdinola taldeko jokalariek pasa berri den asteburuan: alebin misto mailakoa eta senior femenino mailakoa.

Alebin mailan zapatuan jokatu zituzten sailkapen partiduak, hiru; eta hirutik bi irabazita eta bat berdinduta ailegatu ziren finalera Burdinolakoak, tartean Onintza Ibartzabal soraluzetarra. Eta finaletan, alebinetan 7-9 irabazi zuten, eta nesken senior mailan, berriz, 3-1.



Emaitza horiekin, zela ez, “denak oso pozik eta demaseko ilusioarekin” daudela kontatu du Iraitz Ibartzabalek, Onintza jokalariaren aitak eta Soraluzen hockeyarekiko zaletasuna sortzen, bultzatzen eta lantzen diharduen entrenatzaileak.

Soraluzen taldea sortzeko asmoa

Ildo beretik, kontatu duenez, Soraluzeko jende asko bertaratu zen partiduak ikustera, “ikusteko zelako maila dagoen eta zela jokatzen den, ze espero dugu sortzear gauden kluba irailean txapelketan egotea”, esplikatu du.

Izan ere, joan den otsailaz geroztik dabiltza Soraluzen hockey eta patinaje entrenamenduak egiten 50 bat umerekin eta beste 11-12 bat heldurekin. Dagoeneko, badituzte lau ekipo : hasierako taldea, benjamin, alebin eta senior mailakoak. Marras Eroak izen orokorra ipinita, soraluzetarren asmoa da datorren irailetik aurrera Soraluzeko taldea ofizialki eratzea, lehiaketetan parte hartu ahal izateko.

Oraingoz, baina, Burdinola taldea eta bertako Onintza Ibartzabal dira hockey-an erreferente soraluzetarrendako. Eta topera dabiltza bata zein bestea; izan ere, asteburuan Bergara Hiria txapelketa jokatuko du Ibartzabalek Burdinolarekin, eta hilabete amaieran, Euskal Selekzioarekin lehiatuko da.