Finalean dira

Ubane Madera 2019ko eka. 6a, 10:02

Aitor Atxotegi eta Iñigo Irureta atzoko partiduan.

Bueltako partidua 22-5 irabazita, finalerako sailkatu dira Atxotegi eta Irureta, eskuz binakako Debarroko txapelketan. Gaur, eguena, jokatuko dute bigarren finalerdia Bergarako bikoteak eta Eskoriatzakoak; berau irabazten duena izango da Soraluzeko bikotearen kontrario finalean.

Apenas ordu erdian bukatu zen atzo Soraluzeko Atxotegi-Irureta eta Bergarako Rezusta-Iñarra bikoteen artean jokatu zen Debarroko eskuz binakako finalerdia. Oñatitik bertaratu ziren epaileen begiradapean, 22-5 izan zen partiduaren emaitza, ia-ia joaneko partiduko berbera, joanekoan 22-6 irabazi zuten-eta soraluzetarrek.

Eta egia esan, nabarikoa izan zen soraluzetarren nagusitasuna, bereziki, sakean tanto asko eskuratu zituzten, bergararrei hura jasotzea kosta egin zitzaien-eta kasu askotan, eta,motzean eta bizkor jokatuta ere fin ibili ziren soraluzetarrak.

Eskoriatzarrak faborito

Gauzak horrela, sailkatu dira ekainaren 22an Oñatin jokatuko den finalerako. Gaur, eguena, jakingo da zein izango duten kontrario. Etxanizek eta Gartziak (Bergara) Zubizarreta anaiak izango dituzte aurrez aurre (Eskoriatza). Kasu horretan, eskoriatzarrak dira faborito, izan ere, joaneko partiduan Eskoriatzakoek irabazi zieten bergararrei. Finalerdian 15 tanto eginez gero, Eskoriatzakoak sailkatuko dira finalera.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.