Atutxa eta Vicente aizkolarien arteko lehia Ezozin

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 6a, 08:00

Aitzol Atutxa.

Domekan, konpetizioan diharduten bi aizkolaririk onenak etorriko dira Ezozira: Aitzol Atutxa eta Iker Vicente.

Atutxak palmares ikusgarria du: hamabi aldiz irabazi du Bizkaiko txapela eta bost aldiz Euskadikoa -azkenengo bost urteetan-. Vicenteren kurrikuluma ere ez da nolanahikoa: Nafarroako txapeldun izan da azken lau ediziotan eta azken bi urteetan Euskadiko txapeldunorde izan da Atutxaren atzetik.  

Ezohiko erakustaldia

Soraluzen bizi den Arkaitz Arana herri kirol adituak azaldu duenez, Ezoziko erakustaldia “ezohikoa” izango da. “Zerbait ezberdina egin nahi dute. Hasteko, abiadura froga egiteko egurrak ekarriko dituzte, 40 ontzakoak, neurtzeko zeinek ebakitzen duen bizkorrago. Ondoren, tenteko egurrekin jardungo dute, eta horretan Aitzol maisua da, urte gehiago diharduelako aizkoran eta Australian egin zuelako urtebete, prestatzen. Han ohitura handia dago egurrak bertikalean ebakitzeko”.

Baina, zeaniztarraren esanetan, erakustaldiaren ezaugarrik bereziena kanako egurrena izango da. “Kanako egurrak ekarriko dituzte, 2 metro t’erdiko zirkunferentzia daukatenak. Horixe izango da probarik potoloena eta bereziena, ze normalean erakustaldietan ez dira horren egur handiak erabiltzen. Egur bereziak dira eta hori plazan ikustea polita da. Ikusgarria, inoiz ikusi ez duenarentzako”.

Goizeko egitaraua

Aurten, antolatzaileek jakinarazi dutenez eta “salbuespen modura bada ere” goizeko egitaraua bakarrik izango da eta arratsaldean ez da zezenik eta ponirik izango. Ondorengoa da auzotarrek prestatu duten egitaraua:

12:30ean Meza.

13:00etan Bertsolariak: Eneko Beretxinaga eta Jokin Bergara.

Aizkol-jokoa: Aitzol Atutxa vs Iker Vicente.

14:30ean Bazkaria Armendin bertsolari eta trikitilariekin.

Goiz osoan zehar, Larreategi anaiek alaituko dute giroa trikitixarekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.