Ibarzabal, jo ta su

Ubane Madera 2019ko eka. 5a, 16:11
Onintza Ibarzabal eskua ematen. Argazkia: Iraitz Ibarzabal.

Hitzorduz beteta du ekaineko agenda Onintza Ibarzabal hockey jokalari soraluzetarrak. Besteak beste, asteburuan Emakumezkoen Kopa jokatuko du, eta hil amaieran Euskal Selekzioarekin lehiatuko da. 

Topera dabil Onintza Ibarzabal hockey jokalari soraluzetarra.

Hasteko, Bergaran bi partidu jokatuko ditu asteburuan bertako Burdinola taldearekin: zapatuan Alebin Kopa, 11:00etan Gasteizko Street Hockey taldearen kontra. Eta domekan, Emakumezkoen Kopa, Metropolitano taldearen kontra, 13:30ean. 

Selekzioarekin

Bestalde, ekainaren 27etik 30era Euskal Selekzioko aurrelari moduan jokatuko du Galizan, Estatuko selekzioen arteko txapelketan.

Guztira, 12 neskaz osatutako taldeak ordezkatuko du Euskadi txapelketa horretan, eta horietako bat izango da hockey jokalari soraluzetarra.

Entrenamenduetan

Lehen aldia izango du Euskal Selekzioarekin Ibarzabalek. "Entrenamentuetara aurkeztu nintzen lehen aldiz. Entrenamenduetan hiru maila daude. Eta mailen artetik aurre-aukeratu egiten dituzte jokalari batzuk, eta gero horien artetik aukeratzen dituzte 12", esplikatu du. 60-70 bat jokalariren arteko aukeraketa egiten dute modu horretan, hain justu. Ibarzabalen kasuan, aurkeztu ziren 20 neskatatik 12 aukeratu dituzte, eta Bergaran taldekide dituen beste hiru lagunekin joango da lehiaketara soraluzetarra.

Taldeak entrenatu du elkarrekin dagoeneko, eta Ibarzabalek "ondo" ikusten du kontua.

Bergarako Burdinola taldearekin jokatzen du hockeyan Onintza Ibarzabalek, 11 urte zituenetik.