Debarroko finalerdia, Soraluzen

Ubane Madera 2019ko eka. 4a, 18:02
Aitor Atxotegi Ibai Borinagarekin batera jokatzen.

Aitor Atxotegik eta Iñigo Iruretak Bergarako Rezusta eta Iñarra pilotarien kontra jokatuko dute bihar, eguaztena, Debarroko eskuz binakako finalerdiaren bueltako partidua. 20:00etan hasiko da norgehiagoka, Arane kiroldegian. Soraluzetarrek “finalean egoteko aukera” egon badagoela uste dute.

Soraluze Pilota Elkarteko pilotariek 7 tanto besterik ez dituzte behar Debarroko finalera sailkatzeko. Izan ere, joaneko partiduan (joan den eguaztenean) Aitor Atxotegik eta Iñigo Iruretak 22-6 irabazi zieten Bergarako Rezustak eta Iñarrak osatutako bikoteari. Bihar, eguaztena, itzulikoa jokatuko dute, bada, Arane kiroldegian, 20:00etan hasita.

Aurreikuspenari buruz galdetuta, Atxotegik erantzun du “gauzak normal joanda, finalean egoteko aukera” izango dutela: “Ez da izango erraza baina moldatuko garela uste dut”.

Debagoiendarrak lehian

Beste finalerdiari dagokionez, berriz, debagoiendarren arteko lehia izango da berau: Etxanizek eta Gartziak (Bergara) Zubizarreta anaiak izango dituzte aurrez aurre (Eskoriatza).

Azken horien kasuan, eguenean jokatuko dute partidua. Kasu horretan, eskoriatzarrak dira faborito, izan ere, joaneko partiduan Eskoriatzakoek irabazi zieten bergararrei. Finalerdian 15 tanto eginez gero, Eskoriatzakoak sailkatuko dira finalera.

Hain zuzen ere, finalak Oñatin jokatuko dituzte ekainaren 22an. Nagusi mailako pilotariekin batera, kadete eta gazte mailakoak ere izango dira.