Denis Soriano izan da arrantzalerik iaioena Leitzaranen

Ubane Madera 2019ko eka. 3a, 15:40
Denis Soriano (erdian) Open Lance Solo Boya txapelketako lehen sariarekin.

Denis Soriano txapeldun izendatu berri dute; oraingo honetan lehen aldiz egin duten Open Lance Solo Boya lehiaketa irabazi du. Zapatuan jokatu zuten berau 20 arrantzalek, Leitzaranen. Eta 14 amuarrain harrapatuta gailendu zen soraluzetarra. Garaipen horrekin borobildu du 2018-2019 denboraldia.

Estatuko herrialde guztietatik bertaratutako Lance modalitateko arrantzaleek Open Lance Solo Boya arrantza txapelketan lehiatzeko aukera izan zuten asteburuan. Lehen aldiz jokatu da txapelketa hori, Leitzaranen jokatu ere. Eta aurten parte hartu dute 20 bat arrantzalek, Nafarroatik, Gaztela-Leondik, Errioxatik… eta Gipuzkoatik bertaratuta, tartean Denis Soriano soraluzetarrak.

Eta joan eta egin egin zuen Sorianok zapatuan. 14 amuarrain harrapatuta, berak irabazi du Open Lance Solo Boya txapelketako lehen saria: urdai-azpikoa eta 200 euro. Pozik zegoen emaitzarekin: “Euria egin du, ur emaria igo egin da, eta oso ondo zegoen ibaia”.

Euskal Herriko podiuma

Open Lance Solo Boya txapelketako lehen podiuma erabat Euskal Herrikoa izan da gainera. Sorianoren ondoren, bigarren izan zen David Marcos gipuzkoarra eta hirugarrena Nafarroako Jesus Arbea. Estreinatu den txapelketak emandakoa ikusita, Denis Sorianok uste du hurrengo urtean errepikatu egingo dutela lehiaketa, eta, ezustekorik ezean, bertan izango da bera.

Eta oraingoz, otsaila-martxora arte egin du egin beharrekoa Soraluzen bizi den arrantzale aramaioarrak, azken garaipen horrekin borobildu du-eta 2018-2019 denboraldia, Sorianoren ustez, “oso ondo” bukatu ere. Datorren urteko denboraldia, berriz, 2020ko otsaila-martxoan hasiko du.