Nagusien danborradak ere agur esan du, boluntarioak falta direlako

Ubane Madera 2019ko eka. 3a, 11:57
Iazko danborrada.

Danborradako Batzordeak jakinarazi du aurten ez dela Nagusien Danborradarik izango herriko jaietan, ez egote horrek “etsipena sorrarazten” dien arren. Iaz dagoeneko eskatu zuten danborrada antolatzen segitzeko laguntasuna, urte luzeko lanaren ondoren, batzordeko hainbatek erreleboa behar zuten-eta, “baina inork ez du bere burua aurkeztu doazenak ordezkatzeko”, adierazi dute.

Orain dela hiru urte umeen danborrada bertan behera geratu zen moduan, aurten nagusienak ere bide bera segituko du, askoren penarako.  Gutun bitartez jakinarazi du Danborradako Batzordeak aurten ez dela jaietan Nagusien Danborradarik izango, urteotan laguntzen izan direnei eskerrak emateaz batera.

20 urte lanean

“Honen bidez, Danborradako Batzordeak eskerrak eman nahi dizkizue urtez urte ekintza hori posible egin izan duzuen guztiei, parte hartuz edota antolaketan zein baliabideak emanez. Eskertza ohar hau sinatzen dugunok, urte askoan zehar jardun dugu ekintzaren antolaketan, 2000. urtea baino lehenagotik zenbait kasutan. Gustura eta gogo handiz egin dugu, herriko danborradak merezi duela uste dugulako.

Baina egoerak aldatzen doaz, eta gutako batzuk ezin diogu lan horretan jarraitzeko konpromisoari  eutsi, eta batzuk jarraitzeko prest dauden arren, ez dute lortu beharrezkoa den gutxieneko antolatzaile kopurua osatzea. Antolaketa batzordetik dei egin dugu pertsona berriek izena eman dezaten: oharrak egunkarian, bilera deialdiak…; baina inork ez du bere burua aurkeztu doazenak ordezkatzeko.

Beraz, etsipena sorrarazten digun arren, aurten ez da herriko danborrada ekintza agertuko jaietako programan. Mila esker guztioi.

Erlazionatuak