Patricia Borinagak Aretxabaletan ere jaso zituen botoak domekan

Ubane Madera 2019ko mai. 30a, 11:52
Botoendako kartazalak.

Aretxabaletako PSE-EEk galdu egin du bertan zeukan zinegotzi bakarra, bertako 36 boto sozialista Patricia Borinaga soraluzetarrarendako izan zirelako. Kontua da oker banatu zituztela alderdi sozialistako botoak etxez etxe: Aretxabaletako hautagaitzarenak barik, Soraluzekoak banatu zituzten.

Hutsegite bat tarteko, Aretxabaletako alderdi sozialistaren kartazaletan Soraluzeko alderdi sozialistaren hautagaien boto-paperak banatu zituzten hauteskundeak baino astebete lehenago.

Baliogabe

Akatsaz jabetu zirenean, berriro ere banatu zituzten boto sozialistak etxez etxe, oraingoan bertako hautagaitzarekin. Baina antza, 36 aretxabaletarrek ez zuten jakin gertatutakoa, eta etxeko botoarekin, Patricia Borinagarendakoarekin joan ziren botoa ematera domekan.

Boto zenbaketan, 36 boto horiek baliogabe modura kontabilizatu zituzten, eta horren ondorioz, Aretxabaletan zuten zinegotzi sozialista bakarra (Miren Lorea Lana Jauregi) galdu egin dute, ez duelako boto nahikorik lortu zinegotzi izateko.

EH Bildurendako

Aretxabaletako PSE-EEk galdutako zinegotzia, Aretxabaletako EH Bilduren eskuetara joan da. Izan ere, PSE-EEk 216 boto eskuratu zituen, eta baliogabe izan ziren beste 36ak batuta, 252 boto izango lituzke. Eta aldiz, EH Bilduk bere azken zinegotzia lortu du 250,16 botorekin, D’Hont Legearen ondorioz.

Soraluzeri dagokionez, Aretxabaletako hutsegiteaz jabetu bezain laster errepasatu zuten hemen egindako boto banaketa, Patricia Borinagak esan digunez, “auzoz auzo”, eta Soraluzen ez zen hutsegiterik izan.