Baxenafartarrak eta nafarrak Erromerixa Egunean

'Hariz hari' ikuskizuneko dantzari eta musikariak.

Aurten ere, dantzari lotuta datoz Euskal Jaiak, baina badira nobedadeak: Erromerixa Egunean, dantza taldeko gaztetxoek eta helduek elkarrekin egingo dute dantzan eta, gainera, gonbidatu bereziak etorriko dira: Hariz Hari dantza ikuskizuna eta Gathubi musika taldea.

Dantza filmak emango die hasiera gaur Euskal Jaiei, eta datozen bi asteburuetan ere, dantzaren bueltako ekitaldiekin jarraituko dute.  

Ekitaldi horietan lehena, domeka honetan, egingo da: 49. Haurren Euskal Jaia. Aurreko edizioetan bezala, egun horretan dantzari txikiak izango dira protagonista: herrikoak, eta Debagoieneko herrietatik etorritakoak, guztira 170 bat dantzari. Ekainaren 8an, berriz, Erromerixa Eguna egingo da Ezozin, hainbat nobedaderekin: eguerdian, Baxenafarroatik etorritako dantzariek Hariz Hari dantza ikuskizuna eskainiko dute, eta, arratsaldean, Nafarroako Gathubi musika taldeak girotuko du erromeria. Gainera, Urrats dantza taldeko dantzari guztiek, helduek eta gaztetxoek, elkarrekin esango diote agur ikasturteari.

Berritasunak: Hariz Hari eta Gathubi

Aurten, Euskal Jai Batzordeak apustu berezia egin du Erromerixa Eguna indartzeko: “Nahi dugu Ezozikoa izatea egun bat herriko dantzazaleak batuko dituena, adin eta maila guztietakoak, elkarrekin dantza eginez egun eder bat pasatzeko. Nahi dugu izatea herritar guztientzako jaia”.

Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Hasteko, eguerdian, 12:30ak aldera, Urrats dantza taldeko helduek eta gaztetxoek hainbat dantza eskainiko dituzte, eta, ostean, 13:30ean, Baxenafarroako Zarena Zarelako dantza taldeak Hariz Hari ikuskizuna eskainiko du. 50 minutuko dantza saioa da, euskal dantzak eta dantza garaikidea uztartzen dituena. Taldea, hamar dantzarik eta bost musikarik osatzen dute, guztiak dira emakumezkoak. Euretako bat da Laura Perez musikari amikuztarra, Ilde Perez soraluzetarraren alaba (Elkarrizketa hurrengo orrialdean).   

Arratsaldeko 15:00ak aldera, bazkaria egingo dute ermitaren inguruan, Eibarko Bizimina elkartekoek prestatuko duten menuarekin: entsalada, paella eta postrea (edariak barne). Bazkaritarako txartelak dagoeneko salgai daude Iratxo goxodendan, 12 eurotan helduendakoak, eta 8 eurotan 14 urtetik beherakoendakoak. Hori bai, antolakuntzak jakinarazi du, beti bezala, nahi duenak aukera izango duela bazkaritarako lekua bakarrik erreserbatzeko (debalde) eta bazkaria etxetik eroandako janariarekin egiteko.  

Iluntzeko erromeria 18:00etan hasiko da eta Gathubi taldeak girotuko du hiru-lau orduz. Talde nafarra 10 musikari gaztek osatzen dute eta folk estiloko doinuak jotzen dituzte, “askotarikoak, dantzarako”: baltsak, rantxerak, arin-rinak, jauziak, jotak, zortzikoak, kalejirak… Tartean, Larrain dantza ere egingo dute herriko dultzaineroek girotuta. Beraz, dantza egin nahi duenak aukera ugaria izango du Ezozin.  

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, euria eginez gero, ekitaldi guztiak karpa handian egingo dira. 

Erlazionatuak

Salgai daude Erromerixa Eguneko bazkaritarako txartelak

Soraluze

Ekainaren 8an, Erromerixa Eguna egingo da Ezozin eta bazkaritarako txartelak salgai daude Iratxo gozodendan. Menua: entsalada, paella eta postrea.&...