Laster bukatuko dute Europako botoen kontaketa

Ubane Madera 2019ko mai. 26a, 20:32

Botoak kontatzen, Europarakoak.

20:00etan puntuan boto-kutxak itxi, eta hasi da boto kontaketa. Lehenengo boto urdinak dabiltza kontatzen, Europarakoak; gero zenbatuko dituzte udaletarakoak eta azkenik Batzar Nagusietakoak. Oro har, eta 2015eko Udal hauteskundeetako datuekin alderatuta, parte-hartzea handitu egin da Soraluzen.

Hiru erakundetarako ordezkariak aukeratuko ditugu gaur; eta hauteskunde-mahaietako kideek esandakoaren arabera, hiruretan izandako parte-hartzea antzerakoa izan da. “Izan da Udalera eta Diputaziora bozkatu bai, baina Europarako bozkatu ez duen herritarrik; baina izan da, baita ere, bakarrik Europarako bozkatu duenik, beraz, antzerako parte-hartzea izango da guztietan”.

Hari dagokionez, eta konparazioa egite aldera, 2015eko Udal hauteskundeetan, %63,93ko parte-hartzea izan zen Soraluzen, eta gaurkoak, berriz, %65ekoa gainditu egingo du. Izan ere, bi mahaietan behera egin badu ere, (%60 eta %63,07), beste hiru mahaietan gora egin du, eta nabarmen, gainera: %68,25, %72 eta %65.

Aurreikuspena da 21:00ak ingururako bukatzea Europako Parlamenturako botoen zenbaketa eta berehala hastea Udal hauteskundeen botoak kontatzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.