Tantaka-tantaka, herritarrek badihardute botoa ematen

Ubane Madera 2019ko mai. 26a, 10:32

Hautetsontziak 09:00etan zabaldu eta berehala hasi dira soraluzetarrak botoa ematen; 10:00ak ingururako gutxi gorabehera 20-30 bat boto jasota zituzten mahai bakoitzean. Ohi denez, eguerdi inguruan espero da herritar gehien; eta baita iluntze partean ere. Gaur, 2.945 soraluzetarrek dute botoa emateko eskubidea.

Normal osatu dituzte hauteskunde-mahaiak Arane kiroldegian, 09:00etarako. Mahai batean, hori bai, atzo gauean dantzan ibili ziren, bertako presidente izan behar zenari alegazioa onartuta, atzo gauean bertan presidente ordezkoari ere onartu egin ziotelako berea. Hori horrela, bigarren ordezkoak hartu behar izan ditu goizean presidente lanak. Ez da, bada, hori oso ohikoa izaten.

Hiru erakunde, hiru kolore

Kontuak kontu, martxan dago guztia. Gaurko honetan, gainera, botoz beteta daude mahaiak, hiru erakundetarako ordezkariak aukeratu behar direlako: Europako Parlamenturakoak (kolore urdineko botoak), diputazioetarakoak (kolore laranja edo sepia) eta jakina, udaletarakoak (kolore zuria).

Soraluzeko Udalaren kasuan, 11 zinegotziz ostatutako udalbatza dago jokoan. Eta 2.945 soraluzetarrek dute botoa emateko eskubidea. Zinegotzi bat eskuratzeko gutxieneko boto kopurua da emandako boto guztien %5a. Baina udalbatza osaten duten zinegotzi kopuruak ere markatuko du beharrezko botoen zenbateko totala.