Lokalak etxebizitza bilakatzeko eta landa-bideen ordenantzak onartuta

Ubane Madera 2019ko mai. 23a, 12:07
Udal ordezkariak bozkatzen, atzoko udalbatzarrean.

“Erabilerarik ez duten lokalei begira beste aukera batzuk zabaltzeko” ordenantza aldatuko dute, lokalak etxebizitza bilakatu ahal izateko. EH Bilduk “kezka” helarazi zuen, Soraluzen dagoen “etxe huts kopuru altuagatik”. Bestalde, landa-bideen ordenantza ere onartu zuten. Bi kasuetan, aho batez onartu ziren puntuak.

Lokalak etxebizitza erabilerara aldatu ahal izateko ordenantza aldaketa egitea onartu zuen atzo, eguaztena, aho batez udalbatzarrak. Hala ere, oposizioko ordezkari Unai Larreategik “kezka” helarazi zuen puntu horretan, gogora ekarrita ordenantza hori orain dela hamar urte onartu zutenean, egoera guztiz bestelakoa zela, etxebizitzen prezio altuarengatik. Eta orain, berriz, etxe huts mordoa dagoela udalerrian eta ordenantza aldaketak ez duela arazo hori konpontzen.

Pascual Churruca eta etxe sozialak

Patricia Borinaga sozialistak erantzun zion, besteak beste, esanez herrian dagoen etxe huts kopuru altuaren arrazoi nagusia dela etxe horiek “zaharrak” direla eta “irisgarritasunik” ez dagoen lekuetan daudela, eta ondorioz, “irtenbide zaila” dutela.

Ordezkari sozialistak onartu zuen lokalen ordenantza aldaketak ez duela konponduko etxe hutsen arazoa, “beste aukera batzuk zabaltzen ditu, besterik ez”, esan zuen, gaineratuz, lehenagoko ordenantzarekin lokal askok ez zutela “irtenbiderik”.

Eta horrekin batera, jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritza badabilela txostena egiten Pascual Churrucaren orubean etxebizitza sozialak eraikitzeko eta “egingarri” ikusten dutenez, aukera handiak daudela “asmo hori gauzatzeko”.

Landa-bideen ordenantza

Bestalde, atzoko batzarrean onartu zuten, baita ere, landa-bideen erabilera arautuko duen ordenantza, laburbilduz, basolanak egiten dituztenean bideak erabiltzearren eragiten diren kalteak direla-eta haiek “narriatu” ez daitezen.

Jabi Garmendiak, Ingurumen eta landa-garapeneko batzordeburuak azaldu zuen lau batzar egin direla landa-bideen ordenantza adosteko baserritarrekin eurekin, “nahikoa konplikatua” izan dela ordenantzaren “filosofia” ulertaraztea, “ekarpen piloa” egin direla eta “denak onartu” direla.

Horrekin batera, Garmendiak puntualizatu zuen landa-bideen ordenantzak ez dituela arautzen bide guztiak, baizik eta bakarrik udal inbentarioaren baitan dauden bideak. Eta laburbilduz, ordenantzaren helburua dela “zerbait apurtzen bada gaizki erabili delako (izan liteke egurren kamioia larregi kargatzearren, adibidez), erabilera okerra egin duen hura harrapatu eta bera egin dadila kargu”.

Roke Akizuk, EHBilduko zinegotziak puntu honetan kritika egin zuen baserritarrekin egindako azken batzarrean ez zutelako jaso “azken bertsioa” eta oro har, adierazi zuen “surrealista” pentsatu zitzaiola ere, ordenantza onartu baino lehen Udalaren webgunean berau publikatu izana.


Iker Aldazabal alkateak, besteak beste, landa-bideen ordenantza onartu izana (aho batez, gainera) “oso inportantea” dela azpimarratu zuen, “bertako azpiegiturak ondo mantentzeko”, eta labur-labur, puntu hori baliatu zuen azpimarratzeko azken lau urteetan Udal Gobernuak  117.000 euroko inbertsioak egin dituela “landa bideak zahar berritzen”. Edozelan ere, EH Bilduk lehenago egindako kritika aintzat hartuta, ez zituen inbertsioak banan-banan adierazi.