Kiroldegiko obraren adjudikazioaren berri eman ondoren, EAJko Ramon Gallastegik eta Iker Aldazabalek kirol arloan lau urteotan egindako inbertsioen balantzea egin zutenean helarazi zituen kritikak EH Bilduko Unai Larreategik.
Hark, batetik, adierazi zuen atzoko osoko bilkuraren helburua zela “gauza batzuk txukun” lagatzea hauteskundeen ondoren etorriko den Udal Gobernu berriarendako, eta ez zela “lau urteko balantzea egiteko unea hauteskundeetarako apenas egun batzuk gelditzen direnean”.
Enpresa gehiago, aukera hobeak
Ildo beretik, partekatu zuen euren ustez kiroldegiaren obra adjudikatzeko “presaka” ibili direla; eta hobe izango zela 20 eguneko epea barik 40 egunekoa laga izan balute enpresen eskaintzak jasotzeko. Larreategiren ustez, hori eginda, akaso enpresa bakarra barik, gehiago aurkeztuko lirateke, eta ebpresen arteko lehia sortuta, aukera handiagoak leudeke obraren adjudikazioan bentaja handiagoak lortzeko herriarendako.
“Pena horrekin gelditzen naiz. Jaso dugun eskaintza bakarrarekin gelditu behar garelako. Nire ustez, eta guri begira ere esaten dut hori, elkarren artean konfiantza handiagoa izan beharko genuke, herriaren onurarekin pentsatuaz, halako erabakiak beste modu batera hartzeko, eta ez presaka eta korrika, etor litekeen beste gobernu batek erabakia atzera bota lezakeen beldurrez. Gure artean konfiantza handiagoa izan beharko genuke”, esan zuen Larreategik.
Besteak beste, Jabi Garmendia zinegotzi jeltzaleak erantzun zion, esanez, euren beldurra gehiago zela obra desertu gelditzea, eskaintza barik, “bertan egiteko dagoen lana kontuan hartuta”; eta Iker Aldazabal alkateak azpimarratu zuen Artzamendi enpresa ezaguna dutela, Errabaleko eta Calongeko lanak ere egiten dabilela, kiroldegiko sabaia konpontzeko ere Artzamendi eta beste bi enpresa aurkeztu direla, eta oro har, Udalaren eta enpresa eraikitzaile horren arteko harremana “ona” dela.