Adjudikatu dute kiroldegiko obra

Ubane Madera 2019ko mai. 23a, 10:02
Kiroldegiko terrazan gehituko dute solairu bat.

Legealdiko azken-aurreko osoko bilkura egin zuen atzo udalbatzarrak, eta mahai gainean zeuden puntu guztiak onartu zituzten, aho batez onartu ere. Horien artean kiroldegia handitzeko obra adjudikatu zuten, eta baita landa-bideen ordenantza onartu ere. Horrek ez du esan nahi, baina, erabateko adostasuna izan zuenik udalbatzarrak gaien irakurketak egiterako orduan.

Atzo, eguaztena, aho batez onartu zuen udalbatzarrak Construcciones Artzamendi enpresari (lehiaketara aurkeztu den enpresa bakarrari) adjudikatzea kiroldegiko terrazari solairu berria gehitzeko obra.

Proiektuan aurreikusitako aurrekontua 568.000 eurokoa zen, baina 562.000 eurotan egin dute obraren esleipena. Beraz, 6.000 euroko kitarekin adjudikatu dituzte lanak. Eta, besteak beste, horixe azpimarratu zuen Ramon Gallastegik, Kirol arloko batzordeburuak.

Halaber, hark gogora ekarri zuen sei hilabeteko exekuzio epea dutela ezarrita obra horiek, eta helburua dela 450 metro koadroko solairu berria eraikitzea kiroldegi gainean, kirol eta kultura azpiegiturak handitzeko. Izan ere, legegintzaldi hasieran kiroldegiak zituen 830 bazkidetatik 950 bazkide izatera pasatu da, eta eraikina txiki geratu da.

Hori horrela, obra egin ondoren izango ditu gimnasio berria, spinning gela, erabilera anitzeko gela eta komunak; eta horretarako erabiltzen ziren kiroldegiko aretoak kultura jardueretara bideratuko dira.

"Ia milioi bat euro"

Gallastegik, era berean, azpimarratu zuen “legegintzaldi hasieratik” ibili direla Udalarendako estrategikoa den proiektu horretan lanean, “baina aurten arte” ez dutela lortu “ezinbestekoa den finantzaziorik”, eta hori dela eta, ezin izan dutela “ikusi eginda”; eta, gogora ekarri zuen Diputazioak 250.000 euroko laguntza emango duela proiektua gauzatu ahal izateko.


Betalde, puntu bera aprobetxatu zuen kiroletako batzordeburuak “legealdiko balantzea” egin eta jakinarazteko, guztira, “ia milioi bat euro inbertitu” dutela lau urteotan kiroldegian; zehazki 983.000 euro, honela banatuta:

  • Anpliazioan 562.000 euro
  • Igerilekuko sabaia zahar-berritzeko 233.000 euro (egunotan esleituko dute obra hori ere)
  • Deshumektadore berria 70.000 euro (atzo esleitu zuten, 8.000 euroko kita batekin)
  • Gaztelekuko sabaia konpontzea 13.000 euro
  • Ludoteka handitzea 12.000 euro
  • Mantentze eta konponketak eta material erosketa 41.000 euro
  • Aire girotua 5.000 euro.


Eta horri gehitu zion baita ere, BPXSport enpresari instalazioaren kudeaketa adjudikatu izana 247.300 eurorengatik, bereziki bertako langileen soldatak “eguneratu” ahal izateko; eta lutotekako eta gaztelekuko zerbitzua Pil-pileanekin adostu izana, bi udal zerbitzuetako langileen soldata “indarrean dagoen hitzarmenera egokituz”, eta horretarako beste 98.722 euro bideratu dituztela.

Balantze hori guztia entzunda, oposizioko ordezkari Unai Larreategik hainbat puntualizazio egin zituen (ondorengo artikuluan).