Kiroldegiko obra eta landa-bideen ordenantza aztergai

Ubane Madera 2019ko mai. 21a, 16:02
Udal ordezkari politikoak apirileko udalbatzarrean.

Bihar, eguaztena, ez ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak, 9 puntuko gai-zerrenda lantzeko. Horien artean, mahai gainean izango dituzte Udal kiroldegia handitzeko proiektuaren esleipena eta azken hilabeteotan baserritarrekin lantzen jardun duten landa-bideen ordenantza. 19:00etan hasiko da batzarra eta interesa duen edozein bertara daiteke.

Kiroldegiko obrari dagokionez, proiektuaren arabera, 568.189,22 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko exekuzio epea dauka solairu berria gehitzeak. Biharko osoko bilkuran egingo dutena da jasotako eskaintzen arabera, obra adjudikatu, ezustekorik ez bada.

Lehiaketara enpresa bakarra aurkeztu dela kontuan hartuta, eta kasu honetan ere ezustekorik ezean, hari esleituko diote obra.

Landa-bideen ordenantza

Landa-bideen ordenantzari dagokionez, berriz, zirriborroa eginda dago, argitaratuta ere bada,(kontsultatzeko HEMEN klika daiteke), herritarren ekarpenak jaso ahal izateko.

Laburbilduz, landa-bideen ordenantzak arautu egiten du “udal titulartasuneko bideen erabilera partekatua berezia eta ohikoa, narriatu ez daitezen ibilgailu astunak bertatik igarotzearen eta bereziki, basogintzako ustiapenak direla-eta egurra eta peiak garraiatzetik eratorritako aprobetxamenduaren ondorioz”.  

Aipatutako bi gai horiez aparte, lokalak etxebizitza erabilerara aldatzeko ordenantza ere proposatuko dute, bestela, hainbat lokalek ez dutelako irtenbiderik.

Honakoa da gai zerrenda:


1.-2019ko apirilaren 10eko saioaren akta, hala badagokio, onartzea.

2.- Alkatetzaren dekretuen berri ematea.

3.- 2019. urteko Lanpostuen Zerrenda.

4.- 2018ko aurrekontuaren kontu orokorra onartzea.

5.- Kreditu gehigarrien bidezko 3/2019 zk.ko kreditu aldaketa.

6.- Baltegieta kaleko 2. zenbakian dagoen kirol eta kultura eraikina handitzeko proiektuaren esleipena.

7.- Ordenantza aldaketa, lokalak etxebizitza erabilerara aldatzeko.

8.- Landa-bideen ordenantza.

9.- Eskari eta galderak.