Abertzaleen arteko lehia aurreikusten da domekan

Ubane Madera 2019ko mai. 20a, 10:53
Espainiako hauteskundeetan jende ilarak izan ziren botoa emateko.

Lau alderdik aurkeztu dituzte hautagaiak domekako hauteskundeetarako: lau EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, eta azken lau urteotan ordezkaritzarik izan ez duen PPk. Udalen kasuan, zinegotzi bat eskuratzeko behar den boto portzentaia %5a da. Soraluzen 11 zinegotzik osatzen dute udalbatzarra eta 2.943 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea.

Soraluzen egindako azken hauteskundeetako datuak estrapolatuta, apirilaren 28an, 2.177 herritarrek eman zuten botoa (zuriak eta baliogabeak kontuan hartuta). Horren arabera, 108 (ia 109) boto behar lituzke Soraluzen alderdi batek zinegotzia eskuratzeko.

Era berean, orduko datuak kontuan hartuta, aurreikus daiteke EH Bilduren eta EAJren artean lehia estua egon daitekeela, Espainiako hauteskundeetan 642 eskuratu baitzituen EH Bilduk eta 32 boto gutxiago EAJk (610).

Udal hauteskundeetan desberdin

Aldiz, orain dela lau urteko Udal hauteskundeak kontuan hartuta, bi alderdi nagusien arteko aldea nabarmenagoa izan zen: 858 boto eskuratu zituen EH Bilduk eta 243 boto gutxiago EAJk (615). Bestalde, 2015ean, 2.058 herritarrek eman zuen botoa, eta orduko hartan 103 boto behar izan zituen alderdi bakoitzak zinegotzi bat eskuratzeko.

Sarri gertatzen da herritarrek desberdin ematea botoa hauteskunde orokorretan eta Udal hauteskundeetan, beraz, hori ere kontuan hartu beharrekoa da.

Botoekin batera, paktuak erabakior

Orain dela lau urte, hauteskundeen emaitzen bitartez barik, alderdien arteko paktu bitartez erabaki zen zeinek osatuko zuen Soraluzeko Udal Gobernua. Kasu hartan, EAJren eta PSE-EEren artean egin zuten paktua eta harrezkero EAJko Iker Aldazabal izan da alkate.

Beraz, domekako emaitzen ondoren, paktuen aldagaia ere kontuan hartu eta mahai gainean jarri beharko da.

PPko zerrendakide ezezagunak

Soraluzera aurkezten diren hautagai guztiak dira ezagunak, PPkoak izan ezik. PPk, 12 lagunez osatutako zerrenda aurkeztu du Soraluzerako: 11 gehi ordezko bat, baina herrian inork ez ditu ezagutzen. 

Alderdi Popularrean galdetuta, Pil-pileanekin hitz egin duten PPko ordezkarietako batek berak ere ezin izan du argitu nongoak diren hautagaiak: "ez dut uste ingurukoak izango direnik". Horixe izan da eman duen erantzun bakarra.